Herriko enpresa txikiendako hainbat laguntza neurri proposatu ditu EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 21a, 12:39

Hiru multzotan banatutako laguntza proposamena egin du Aretxabaletako EH Bilduk herriko enpresa txikien "dinamismoa bultzatzeko", eta nabarmendu ditu, inbertsiotarako diru laguntzak, mikrokredituen bitartez, eta bideragarriak diren baina zailtasunak dituzten negozioendako laguntzak.

Herriko "ehun ekonomikoari bultzada" emateko unea dela uste dute EH Bilduko kideek: "Zailtasunak dituztenei lagundu eta hobekuntzak egin nahi dituena laguntzea gure konpromisoa da". Horretarako hainbat proposamen egin dituzte, "garatze prozesu bat" beharko dutenak: "Alkateari helarazi dizkiogu eta proposatu dugu eztabaidatzeko hasiera izatea".

Mikrokredituak eta inbertsiotarako laguntzak

Batetik aditzera eman dituzte mikrokredituak (20.000 euroko partida); merkatariei, ostalaritza zerbitzuei, profesionalei eta enpresa txikiei eskaintzeko izango lirateke, krisiak sortutako "unean uneko beharrei" erantzuteko eta inbertsioak egiteko: "Eguneroko ordainketak egin, behar diren inbertsioei aurre egin edo egoerak eskatutako moldaketak egin ahal izateko. Enpresei likidezia ematea da helburua", adierazi dute EH Bilduko kideek. Interesik gabeko kredituak proposatzen dituzte eta aztertzekoen artean izanik 2021etik aurrera ordaintzen hasteko aukera.

Bestetik, likidezia duten enpresei inbertsioak egiteko ahalmenean laguntzea proposatu dute (80.000 euroko partida), hobekuntzak egiteko; horien artean aipatu dituzte erakusleihoan moldaketak, irudi korporatiboa landu, promozio bereziak egin eta material berria erosi. Egindako inbertsioaren "ehuneko jakin batekin laguntzea" izango litzatekeela asmoa diote. 

Hirugarren proposamena da "bideragarritasuna bermatuta" duten negozioen beharrei eusteko laguntzak (20.000 euro), eguneroko gastuei aurre egiten laguntzeko: "Laguntza lerro berezi bat sortuko da bideragarritasun plan batean oinarrituta".

Zaborren gaineko tasa

Ildo beretik, EH Bilduk uste du zaborraren gaineko tasa ez dagoela ondo zehaztuta eta "profesionalak kaltetzen" dituela, bereziki. Horregatik, hainbat jarduerei zabor tasa jaistea "era iraunkorrean", proposatu du: "Aurtengo tasak jaisteko erabakiak egonkor bihurtzea izango litzateke helburua. Beti ere sortzen den hondakinaren araberakoa proposatzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak