Martxoaren 23an hasi zen Aretxabaletako Caritas dirulaguntzak ematen horren beharrean dauden hainbat aretxabaletarri; eta ordutik, astelehenero banatzen dute asteko laguntza. Elikagaien Bankuak, Udalaren bitartez, eta Hankabeltz urdaitegiak, ostera, elikagaiak banatzen dihardute.
Errenta ordaintzeko "kezka"
"Eskola itxi zutenean, eta ondorioz eskolako jangela, konturatu ginen hainbat familiak zailtasunak izango zituztela; izan ere, ez da gauza bera bi heldu elikatzea edo horiez gain beste bi edo hiru ume", dio Paloma Martinezek, Caritaseko ordezkariak. Lehen, zortzi bat familiak jasotzen zuen laguntza, eta orain, hamabost inguru dira: "Hegoamerikarrak dira gehienak. Oraintsu arte, soldata bat izan dute, garbitasun edo zerbitzari lanak eginda. Baina orain, diru-sarrera barik geratu dira, paperik ez dutelako, kontraturik ez eta laguntza jasotzeko aukerarik ere ez. Eta etxean, ostera, gastu asko".
"Diru-sarrera barik geratu dira, paperik ez dutelako, kontraturik ez eta laguntza jasotzeko aukerarik ere ez. Eta etxean, ostera, gastu asko"
Zenbat lagunen ardura duten etxean kontuan hartzen dute laguntzaren zenbatekoa zehazterakoan. Aretxarte merkatarien elkartearekin adostuta bonu batzuk ateratzeko asmoa ere badute. "Elikagaiak dituzten dendetan erabiltzeko izango lirateke, eta, horrela, laguntza alde bientzat izango da".
Eguneroko gastuekin batera askoren kezka errenta zelan ordaindu dela gaineratu du Martinezek: "Eta jasotzen duten laguntza guztia hara bideratzen dute. Ulergaitza izan daiteke batzuendako, baina alokairuaren kontraturik ez dute sarritan, eta beldur dira". Egunek aurrera egin ahala gero eta lagun gehiagok deitzen dietela adierazi du. Horretarako telefono zenbakia hauxe da: 688 76 80 84.
Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harreman estuan dihardute lanean, eta hara bideratzen dituzte hainbat; laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak, esaterako.
Mikrokredituen aukera
Mikrokredituak eskatzeko aukera ere badu Caritasek, adibidez, hozkailua hondatu eta berria erosi gura duenarendako. Behar den diru kopurua zehaztu eta itzultzeko epea adosten da eskatzailearekin: "Emandako diru guztia ez da itzultzen, zati bat dirulaguntza eran doalako. Horren gaineko argibideak eskatzeko deiak izan ditugu, baina gero, inork ez du eskatu. Hain zuzen, gerturatu direnak izan dira negozioa berpizteko dirua behar dutenak".
Caritasi lagundu gura izanez gero, kontu korronte bat dute zabalik; hona hemen: 3035 0002 19 0020021045.
Elikagai Bankua, hilean behin
Caritasek ez du banatzen elikagairik; hori Elikagai Bankuak egiten du Udalaren bitartez. Gizarte Zerbitzuek adierazi dute hilean 30 bat lagunek jasotzen dutela. "Une honetan, COVID-19 gaitza dela eta, astero egiten zen freskoen banaketa ez da egiten; hilerokoa bakarrik".
Hankabeltz, elikagaiak banatzen
Hankabeltz urdaitegia, ostera, oinarrizko elikagaiekin osatutako poltsak banatzen dabil apirilaren 21a ezkero –kilo erdi arroz eta pasta, dozena erdi arrautza, 250 mililitro olio eta litro bat esne–. "Astero 50 inguru banatzen ditut, gehienak astelehenetan", dio Antonio Tamayo ugazabak. Eskertuta agertu da laguntza helarazi dioten herritarrekin: "Elikagaiak ekarri dizkidate eta dirua ere bai".
Tamayok hala jarraitzeko asmoa du. "Egunean bizi zen jendeak laguntza behar du, egun batetik bestera diru-sarrera barik geratu delako. Eta hori edonori pasa dakioke".