Asteburuei zentzua emateko emanaldiak eskaini dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 7a, 17:00

Manex eta Kaiet Repecho anaiak saxofoiekin etxeko balkoian.

Aretxabaletako zenbait herritar leiho eta balkoietara irten dira konfinamenduko asteburuetan, instrumentuak eskuetan dituztela, bizilagunei musika pieza bat edo beste eskaintzera. Orokorrean, erantzun "positiboak" jaso dituztela adierazi dute.

Musikak onura ugari ditu. Zientziak frogatu du musikaren onurak harrigarriak direla bai psikologikoki eta baita fisikoki ere: erlaxatzen laguntzeaz gain, sentsibilitate emozionala garatzen du, estresa gutxitu… Hori horrela, zenbait aretxabaletarrek musikari bezala dituzten abileziak herritarrei erakutsi nahi izan dizkiete, eta, horretarako, leiho eta balkoietara irten izan dira konfinamendua hasi zenetik, instrumentuekin batera, kanta bat edo beste jotzera. Entseatzeko aprobetxatzeaz batera, bizilagunak entretenitzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin atera dira hauek herritarren aurrera, eta trukean herritarrengandik jaso duten txalo zaparrada eta feedbacka ezin hobea izan dela adierazi dute protagonistek.

Jarraitzeko gogoz

Kaiet eta Manex Repecho anaiak domekero ateratzen ari dira balkoira saxofoiarekin pieza bat eskaintzera, 20:00etako txaloen ostean, eta gustua hartu diotela egitasmoari adierazi du beraien ama Ana Zurbanok: "Egoera zein zen ikusita, herritarrei zerbait eskaini gura zieten nire semeek, eta, lehenbizi, seme nagusia, Kaiet, irten zen kantu bat jotzera, eta anaia txikia batu zaio hurrengo emanaldietan. Erantzun ona izan du egitasmoak, eta entretenituta egoten dira, asko entseatzearekin batera. Errege Kopako asteburuan, esaterako, zapatuan, Realaren ereserkia jo zuten saxofoiarekin, eta domekan, berriz, UDAko ereserkia. Horrez gain, Despacito eta Dance Monkey kantuak ere jo izan dituzte, besteak beste. Joan den domekan izan behar zen azkenengo emanaldia, baina seme txikiak jarraitzeko gogoa zuela esan zidan. Gogotsu daude; beraz, oraingo domekan ere irtengo dira balkoira kantaren bat jotzera".

'Txara-bermu' egitasmoa

Unai Iturriotz aretxabaletarra, bestalde, semeekin irten izan da balkoira; bera trikitiarekin eta semeak tronpa eta tronpetarekin. Lehenengoz beraiek hasi arren, egitasmoa Txarapea auzoko bi blokeetako bizilagunen artera zabaldu izana azpimarratu du: "Aberri Egunean semea eta biok irten ginen balkoira bi abesti jotzera, eta herritarren erantzuna oso ona izan zen. Txalo zaparradaz gain, irrintzi asko entzun genituen, batak besteari erantzunez… Hala, kale bereko lagunekin hitz eginda, Txarapea auzoko goiko kaleko bi blokeetako bizilagunen artean dauden zenbait musikari batu, eta Txara-bermu izena jarri diogun ekimenarekin hasi ginen. Bizilagun bat, adarra jotzen kantuari hasiera emanez; beste batzuk, aldiz, ukeleleaz, baxuaz, bateriaz, edo aita-semea gitarrekin… Guztira, hiru domekatan egin dugu, eta joan den domekako saioarekin eman diogu amaiera egitasmoari".

Txarapea auzoan batutako musikariak.

Aita-semeak txistuarekin

Jokin Antxia eta Martin Antxia, berriz, txistua jotzen izan dira konfinamendua hasi zen bigarren asteburutik. Txandakatuz aritu dira biak, eta herritarren erantzuna ederra izan dela adierazi du Martinek: "Txistulari elkarteko kide batek Facebook sare sozialean zabaldu zuen zerbait egiteko deia, eta hala hasi ginen. Diana estiloan, aita 09:30ean irteten hasi zen balkoira, eta gero, ni, 10:30ean. Bakoitzak 5-10 minutu egiten genituen, eta pieza tradizionalak jo izan ditugu, batez ere. Hala, zenbait zapatu eta domekaren ostean, erabaki genuen joan den asteburuan izatea azkena. Hala ere, hemendik aurrera ikusiko dugu izango den besterik ala ez, baina egoera hau guztiz bukatzen denean uste dute egingo dugula zerbait ospatzeko".

Martin Antxia balkoitik txistua jotzen.

Tradizionaletatik haratago

Txistuarekin, batez ere, pieza tradizionalak jotzen aritu diren arren, bestelako kantak ere jo izan dituela adierazi du Martinek: "Kanta tematikoak ere jotzen izan naiz. Derbi egunean, Realaren eta Athleticen ereserkiak jo nituen, Aberri Egunean zenbait euskal kanta ezberdin, Arabako patroiari eskainitako ereserkia San Prudentzio egunean… Eta, beste egun batean, La Polla Records eta Kortatu taldeen kantak ere jo nituen. Azken finean, asteburuei zentzu bat emateko eta dibertitzeko egitasmo moduan hartu dugu, eta bizilagunen erantzunarekin pozik geratu gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak