Beste herri batzuetan moduan, herriko jaiak egingo diren edo ez zalantzaz beterik daude herritarrak. Aretxabaletaren kasuan, Portasol auzoko jaiak eta Andramaixak egiteko moduan egongo direla adierazi du Aretxabaletako alkate Unai Elkorok, baina, jaiez gain, uztailerako kaleko ekintzaren bat antolatzeko asmoa agertu du: "Maiatzean Otala Zelai eguna eta Txakolin Eguna geneuzkan, eta horiek ezin dira egin. Hala ere, Espainiako presidente Pedro Sanchezek martitzenean emandako adierazpenekin argitzen doala egoera esango nuke. Joango gara zehazten, baina hiru hilabete geratzen dira jaietarako, eta astez aste ari dira neurriak hartzen. Beti bezalakoak ez dira izango, baina ordurako egoera normalizatuagoa izango delakoan gaude, eta egingo dugu zerbait".
Uztailerako kale-animazioa
Egoeraren arabera egokitzen joango diren arren, uztailerako kaleko ekintzak bultzatzeko moduan egongo direla adierazi du Elkorok: "Ekainean, agian, ezingo da ezer egin, baina herritarrak kalera irteteko deseatzen daude, eta, masifikazioak ekidinez, uztailean ekintzaren bat edo beste egitearen alde egingo dugu, seguruenik. Aurretik ere aritu gara lantzen Arkupe aretotik atera eta ekintzak kalera ateratzeko. Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak jarraituz, datorren astetik aurrera hasiko gara ekintzaren bat edo beste lantzen; ea egin dezakegun, eta Portasol auzoko jaietarako eta Andramaixetarako zer egin dezakegun ere aztertzen hasiko gara".