Elkarteen babesa ere badu 'Hemengaz!'-ek

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 25a, 08:00

Aretxabaletako 40 elkartek baino gehiagok eman diote atxikimendua AZ Taldeak Udalarekin batera abian jarritako ekimenari; merkatariak, ostalariak eta autonomoak babestea helburu izanik, herritarren babes osoa ere jaso du.

AZ Taldeak abian jarritako ekimena babesak jasotzen dabil han eta hemen. Lehenengoa, Udalarena izan zen, eta ondoren, herritarrena. Orain, ostera, herriko elkarteek egin dute bat. 40 taldek baino gehiagok –gizarte, kirol zein kultur elkarteak– babesa adierazi gura izan diete herriko merkatariei eta ostalariei, "gu be hemen gaz" esanaz.

"Merkatari eta tabernariek, kultur eragileek, hainbat eratako zerbitzuek, nekazari zein abeltzainek, ikastetxeek, enpresa txikiek eta handiek... Gutako bakoitzak, guztiok, osatzen dugun sare zabal horren emaitza da Aretxabaletako herria. Eta une berezi honetan denon artean sarea indartu eta herria bizi-bizirik dagoela erakusteko beharra daukagu", adierazi dute elkarteek Hemengaz! ekimenari atxikimendua emateko egindako idatzian eta gaineratu dute: "Egiteko asko dago. Orain, hasteko, herriko merkatari eta negozio txikiei laguntzeko ekimen hau bultzatuko dugu". Hala, herriko denda eta zerbitzuetan kontsumitzera animatu dituzte aretxabaletarrak horretarako sortu duten plataformaren bidez.

35 kide inguru 

Erosketak eta erreserbak aldez aurretik egiteko aukera ematen duen plataforma sortu du AZ Taldeak: Hemengaz.eus, Orain egindako gastu hori, herritarrek trukatu egingo dute gero, establezimenduek ateak berriz zabaltzen dituztenean. 

Dagoeneko 35 bat saltoki, ostalaritza zerbitzu eta autonomo daude hor, eta poliki-poliki hazten joango dela uste dute ekimenaren sustatzaileek, AZ Taldeko kideek: "Merkatariek harrera beroa egin diote eta gero eta gehiago ari dira batzen", adierazi du Mikel Alberdik. Hain zuzen, egunotan plataforma bera osatzen eta egokitzen dabiltza.  Onartu du hainbat herritar gerturatu zaizkiela esanaz Internet  –transferentziak eta bizum– ez dutela erabiltzen ordainketak egiteko eta ez dakitela zelan lagundu: "Merkatariekin zein ostalariekin zuzenean berba egin daiteke, plataforma horretan kontaktuak ere badaudelako telefonotik deitzeko. Eta horrela haiekin adostu laguntza".

 Aurrera begira, elkarteek ere lekua izango dutela hor uste du: "Herrigintzarako erreminta garrantzitsua izan daiteke, merkatarien, elkarteen eta herriko eragileen arteko sarea osatzeko, eta hala, herritarrek kontaktu zuzena izateko horiekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak