Alarma egoerak eragindako itxialdia ezarri zenetik hilabete pasatu da. Eta horrekin batera hainbat herritan sortu ziren zaintza sare herritarrak, baita Aretxabaletan ere. "Etxetik irten ezin ziren horiendako erosketak egiteko eta lanera joan behar zutelako edo beste edozein arrazoi zela umeak zaindu ezin zituzten horiendako zaintza zerbitzua eskaini genuen hasiera baten", adierazi dute. 60 lagunetik gora agertu ziren sare horretan boluntario lanak egiteko: "Hala, bost egunetan banatu genuen boluntario horien jarduna eta gune bakoitzeko zerrendak osatu genituen norberaren bizilekuaren arabera". Hiru bat lagunen deiak jaso dituztela gaineratu dute, eta batez ere sendagaiak erosteko izan direla dei horiek: "Oso eskertuta agertu dira guztiak".
Beste zerbitzu batzuk
Sare horren barruan beste zerbitzu batzuk gaineratu dituzte orain, beste eragile batzuen bitartez. Zerbitzu horien artean honako hauek daude: laguntza ekonomikoa eta mikrokredituak egoera larrian daudenendako Caritasen bitartez; etxeetan euskaraz jarduteko ekimenak –ipuinak kontatu, elkarrizketak...– Gu Haziak Gara elkarteko kideen eskutik; dolu laguntza terapia bidez lantzeko senideren gaixoaldiaren edo heriotzaren aurrean, esaterako; eta Internet konexioa eskuratzeko bidea, Izarkom kooperatibara deituta.
Hona hemen zerbitzu guztiak:
- Erosketak: 648 90 13 76
- Umeen zaintza: 648 90 13 76
- Diru-laguntzak (Caritas): 688 76 80 84
- Mikrokredituak (Caritas): 688 76 80 84
- Euskaraz jarduteko ekimenak (Gu Haziak Gara): 688 62 37 18
- Dolu-laguntza (Dolulagun profesionala): 699 84 35 80
- Internet konexioa (Izarkom): 943 56 92 14