Iazko soberakina "funtsezko zerbitzuak" mantentzeko erabiliko du Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 11a, 12:00

Santa Kurtz kalea, berrurbanizatzeko asmoa dagoen ingurunea.

Aretxabaletako Udalaren 2019ko likidazioak bi milioi eta erdi eurotik gorako diruzaintzako gerakina utzi du, eta hori, "funtsezko zerbitzuei" eusteko baliagarria izango dela adierazi du Unai Elkoro alkateak, bereziki "diru-sarreren jaitsiera" aurreikusten dutelako. 2020ko aurrekontua egokitu beharrean izango direla ere gaineratu du.

Aurtengo Udal aurrekontua "beste baldintza batzuetan" egin zen, eta horregatik, alkateak adierazi du eguneratu beharrean direla, "egoera berriari erantzungo dion tresna baliagarria izan dadin". Ildo horretatik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik datozen diru-sarreretan %20 eta %25 arteko jaitsiera espero dute, Udalaren aurrekontu proiektuaren %50: "Aurreikusitakoa baino 1 eta 1,5 milioi euro gutxiago jasotzea kalkulatu dugu, eta horrek hasierako aurrekontuaren % 10 baino gehiago suposatzen du".

Jaitsiera horri aurre egiteko moduan dago Aretxabaletako Udala, Elkororen esanetan, "azken bi urteetako ekitaldi ekonomikoetan sortutako aurrezkiari esker". Dena den, aurreikusitako jarduera guztiak berrikusi eta partida ekonomikoak egokitu egin beharko dituztela argitu du: "Aurten ez ezik, agintaldi osoan ere baldintzatuko gaitu".

Lanen hasierak atzeratu beharrean

2019ko aurrekontuen likidazioak guztira, 3,3 milioi euro baino gehiagoko gerakina utzi duela adierazi dute Udaletik, eta horietatik 738.840 euro dagoeneko "lotuta" daude martxan edo gauzatzeke dauden proiektuekin, besteak beste, Deba ibaiaren ezkerraldeko pasealekuaren lanekin eta Santakurtzeko bidegorriarekin.

Gainerako 2.594.322 euroak tamaina handiko bi proiektutara bideratzea aurreikusita zuten: Santakurtz kalea berrurbanizatzeko lanetara eta komentu zaharra adinekoentzako zentro sozial bihurtzeko proiektura. Obra horiek atzerapena izango dutela adierazi du Elkorok: "Santakurtz berrurbanizatzeko lanak ez dira aurten hasiko, eta komentuaren proiektuaren kasuan Osasun sailak anbulatorio berriaren inguruan hartzen dituen neurrien araberakoa izango da".

Udalak eskaintzen dituen "funtsezko zerbitzuei, ostera, ez die eragingo" aurrekontuan egingo dituzten aldaketek. Behin alarma egoera amaitzen denean benetako egoera zein den jakingo dela adierazi du alkateak: "Orduan lehentasun berriak ezarri beharko dira, eta udal baliabideak bideratu herrian antzemandako beharrei erantzutera".

Udala dagoeneko "prestatzen hasita" dago itxialdia bukatutakoan sortuko diren ondorioei aurre egiteko; orain dela hamar bat egun iragarritako lez merkataritzako, ostalaritzarako eta profesional liberalentzako laguntzak martxan jartzeko lanean dabil, baita herrian ekonomia suspertzera bideratuko diren beste ekintza batzuetan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak