Herriko merkatariei biserak egin dizkiete babesteko

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 9a, 11:50

Ogiberri okindegiko langileak maskarak jantzita.

Aretxarteko merkatariek biserak dituzte lanerako. Batzuk dagoeneko hasi dira erabiltzen eta beste batzuk konfinamendua bukatu eta lanera itzultzen direnerako gordeko dituzte. Aretxabaleta Lanbide Eskolako kideek eskaini dizkiete eta Goi Eskolak Politeknikoko kideekin elkarlanean egin dituzte horiek.

Alarma egoeraren luzapenak areagotu egin du "kezka" herriko merkatari eta ostalariengan; izan ere, gutxienez, apirilaren 26a arte itxita izango dituzte saltokiak ezinbesteko zerbitzua ematen ez dutenek. Dena den, merkataritza suspertzeko Udaletik proposatutako neurriak "pozik" hartu dituzte. Eta ez da izan proposamena egin dien erakunde bakarra; Aretxabaleta Lanbide Eskolak biserak eskaini dizkie saltokiak zabaltzen dituztenerako.

70 bisera eginda

Lanbide Eskola askok dihardu biserak ekoizten azken asteotan, baita Aretxabaletakoak ere: "Hiru dimentsioko inprimagailuak izanik geuk ere egin genitzakeela erabaki genuen. Homologazioa lortzea oso zaila da, baina balidatuta badaude; hau da, Urdulizko ospitaleko osasun langileek oniritzia emanda", adierazi du Joseba Beristain zuzendariak.

Hala, kutsatuta egon daitezkeenekin lanean dihardutenendako egin zituztela lehenengoak aipatu du; besteak beste, GSR eta Eskoriatzako Jose Arana zaharren egoitzetarako eta Aita Menni ospitalerako, baita Aretxabaletako udaltzainendako ere.

Eskoriatzako zaharren egoitzako langileak maskarak jantzita.

Beste batzuek ere behar hori izan zezaketela pentsatzen jarrita, merkatariekin akordatu ziren: "Aretxarteko kideei deitu eta 70 egitekotan geratu ginen. Hain zuzen, egunotan bukatu ditugu horiek".

Aurpegi guztia babestu

Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko kideekin elkarlanean jardun dute indarrak batze aldera eta lanak bizkorrago egiteko. Biserak bi zati dituela azaldu du Beristainek: batetik, inprimagailuarekin egiten den plastikozko diadema; eta bestetik dago, binilo gardena, ahoa, sudurra eta begiak babesten dituena. "Sinplea da sistema, baina eraginkorra. Eta, gainera, garbitu egin daiteke batek baino gehiagok erabili ahal izateko".

Aretxarte, eskertuta

Aretxarteko kideak eskertuta daude merkatariekin akordatu direlako: "Hau guztiau bukatzen denean, ez dakigu zelan egin beharko dugun lan; hortaz, ondoetorriak izango dira". Atzo hasi ziren banatzen lehenengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak