"Beti pentsatzen dut hau amaitzean nola aurkituko dugun gure ama"

Eneko Azurmendi 2020ko mar. 30a, 11:10

Amalur Garitaonandia aretxabaletarra da, eta bere amak alzheimerra dauka. Iazko uztailaz geroztik Aretxabaletako GSR egoitzan dago ama.

Zertan aldatu zaio egunerokoa zuen amari?

Gure ama gaixotasunaren nahiko fase aurreratuan dago. Ez gaitu ezagutzen eta berbarik ere ez du egiten. Berari ez zaio egunerokoa askorik aldatu koronabirusa dela eta. Beste egoiliar batzuk egongo dira beti senideen eta ingurukoen zain egongo direnak, eta haiendako zailagoa izango da egoera hau.

Berari baino gehiago, zuei aldatu zaizue egoera, ezta?

Hala da, gu ari gara bera baino gehiago sufritzen. Beti pentsatzen dut hau guztia amaitzean nola aurkituko dugun gure ama. Oraingoz, behintzat, guztia lehengo antzera dago, eta arduradunak esan digu momentuz ez dagoela kutsaturik egoitzan. Horrek asko lasaitzen gaitu, eta hori entzuten jarraitu gura dugu.

Zenbat aldiz bisitatzen zenuten ama lehen?

Egunero, asteburuak barne, bi aldiz. Aitak astean zeharreko bisitak egiten zituen, eta asteburuetakoak, ahizpak eta biok. Murrizketak jarri zituztenean, txandatuz.

Orain, nola egiten duzue?

Bisitak guztiz etenda daude, baina bideo deiak egiten hasi gara. Ama dagoen moduan egonda, hango langileek momentu egokiena aukeratzen dute guri deitzeko, esna edo begiak irekita daukan momentua. Arduradunek ere gertutasuna transmititzen digute eta gauzak errazten dizkigute. Aitak, bestalde, egunero deitzen du egoitzara. Momentuz, ez du ikusi gura, telefonoz esaten diotenarekin geratzea nahiago du, aurrez aurre ikusi arte. Egia da nik ere bideo deiaren ostean une txarra edukitzen dudala, baina merezi du.

Aitak nola darama hau?

Aita bera ere beste kaltetuetako bat da egoera honetan guztian, bakarrik bizi delako. Egunero egiten diot ordu eta erdiko bisita, 80 urte dituelako eta konpainia behar duelako. Tristura ere gaitz txarra izan daiteke garai hauetan, eta horregatik joaten naiz beragana.

Distantziak mantenduta?

Oso umoretsua da, eta beti esaten dit nahiago duela egunero nire bisita jaso eta kutsatzeko arriskua hartu, bakarrik geratzea baino. Hala ere, saiatzen naiz distantziak eta bestelako neurriak mantentzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak