Adinekoen eta babesgabeen beharrei erantzuteko laguntza zerbitzua jarri du Udalak

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 17a, 13:59

Koronabirusak sortutako ezohiko egoeraren aurrean, bakarrik bizi diren adinekoen eta babesik gabeko egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko laguntza zerbitzua jarri du abian Aretxabaletako Udalak; horren bidez, premiazko produktuak eramango dizkiete etxera.

Gizarte Zerbitzuetatik kudeatuko dute zerbitzu hori, eta eskaera egiteko edo informazioa jasotzeko honako telefono zenbakietara deitu behar da: 943 71 18 62 eta 688 644 435. Deiak 9:00etatik 14:00tara hartuko  dituzte.

Era berean, boluntario izateko interesa duten pertsonen eskaerak jasotzen ari da Udala, eta haiekin harremanetan jarriko da boluntariotza sarea antolatzen denean.

Txanda aurrez hartuta

Koronabirusaren hedapena saihesteko, txanda aurrez hartuta duten kontsultei bakarrik erantzungo diete hemendik aurrera udaletxean. Eta gomendatu dute han egin beharreko izapideak telematikoki edo telefonoz egitea. Erregistroa ere irekita dago, baina jaiotzei eta ehorzketa baimenei buruzko izapideak bakarrik egingo dituzte.

Kalean ibiltzea debekatuta

Bestalde, alarma egoera indarrean dagoen bitartean debekatuta dagoela kalean ibiltzea gogorarazi dute; honako jarduera hauek bakarrik daude baimenduta:

  • 1. Elikagaiak, farmazia-produktuak eta lehen beharreko osagaiak eskuratzea.
  • 2. Osasun etxeetara joatea.
  • 3. Lantokira joatea.
  • 4. Ohiko bizilekura itzultzea.
  • 5. Adinekoei, adingabeei, mendekotasunen bat dutenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntza eta zaintza ematea.
  • 6. Banku eta aseguru erakundeetara joatea.
  • 7. Ezinbesteko kausaren bategatik edo beharren batengatik irten beharra.
  • 8. Antzeko beste hainbat jarduera egiteko; jarduera horiek bakarka egingo dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada.

Ondorio ekonomikoak

Udaletik gaineratu dute jakitun dela osasun krisi honek ondorio ekonomiko larriak ekarriko dituela: "Zentzu horretan, udalek beren baliabideak dituzte larrialdi ekonomiko egoeran gera daitezkeen pertsonei laguntzeko. Kasu horietan Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak