Zerbitzu psikosoziala berrikuntzekin dator

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 12a, 11:50

Prebentzioan eragiteko eta eremu komunitarioan jarduteko helburuarekin, Aretxabaletako Udalak haur eta nerabeei eta haien familiei orientazioa eta laguntza eskaintzen dien esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua indartu du.

Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialaren zerbitzua eremu komunitariora zabaldu du Aretxabaletako Udalak. Eguaztenean, kultura bulegoan, egin zuten prentsaurrekoa, eta bertan, Mirari Aiastui eta Bego Arenaza Gizarte langileak, Karmele Uribarri Gizartegintzako batzordeburua eta Demelsa Gomez zerbitzuaren koordinatzailea batu ziren.

Aurkezpenean adierazi zutenez, familiekin eta adingabeekin ez ezik, programak lehen aldiz helduei ere eskainiko die laguntza; baita herritar guztiei zuzendutako aholkularitza eta orientazio psikologikorako zerbitzuak, eta prebentzio eta informazio programak.

Zerbitzua indartu egin dute

Prebentzioan eragiteko eta eremu komunitarioan jarduteko helburuarekin, Aretxabaletako Udalak esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua indartu du, haur eta nerabeei eta haien familiei orientazioa eta laguntza eskaintzen diena. Urtarriletik hona, Lorratz Elkarteko bi familia hezitzailek, terapeuta batek eta koordinatzaile tekniko batek osatzen dute programa zuzentzen duen taldea, Udaleko Gizarte Zerbitzuen gainbegiratze eta koordinaziopean.

Demelsa Gomez Lorrak Elkarteko koordinatzaileak adierazi zuen aurretik datorren egitasmoa izan arren berrikuntzak dituztela: "Bazterkeria egoeran dauden helduei dago zuzenduta eta herriko eragile guztiei, komunitateko zerbitzu eta baliabide normalizatuei. Hala, zerbitzuak aukera ematen du Gizarte Zerbitzuetatik detektatzen diren beharrak modu integralagoan erantzuna emateko". "Osasun zentroarekin, ikastetxeekin, kale hezitzaileekin, gaztelekuarekin, ludotekarekin… sarean lan egitea da kontua, udalerrian dauden zerbitzu guztien artean indarrak batu eta sinergiak sortzeko", adierazi zuen Uribarrik.

Zertan datzan zerbitzuak

Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua babesgabetasun arrisku arina edo moderatua duten adingabeei eta familiei, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei eta tokiko eragileei zuzenduta dago, hau da, komunitateko zerbitzu eta baliabide normalizatuei.

Zeintzuk dira helburuak?
1. Familia elkarbizitza hobetzea.
2. Kideen zaintza eta arreta gaitasunak hobetzea.
3. Komunikazio eta harremanetarako gaitasunak hobetzea.
4. Eskubide eta zerbitzuen informazioa eskuratzea erraztu eta bultzatu.
5. Garapen autonomoa erraztea edo ahalbidetzea.
6. Gizarteratzea erraztea.

Lan eremuak:
1. Sentsibilizazio eta prebentzio goiztiarreko zerbitzua.
2. Informazio, aholkularitza eta orientazio zerbitzua, adin txikiko edo nerabeak dituzten
familiei zuzenduta.
3. Gizarte eta heziketa esku-harte zerbitzua eta esku-hartze psikosoziala arrisku egoeran
dauden adin txikiko eta familiekin.
4. Gizarte eta heziketa esku-hartze zerbitzua gizarte bazterketa egoera arriskuan dauden
pertsona heldu eta familiekin.
5. Komunitate prebentzio zerbitzua: familia, guraso, adin txikiko eta abarrekin, arlo
defizitarioak edo sintomak lantzeko taldeko programak edo jarduerak egitea
babesgabetasun eta bazterketa esparruan.
6. Egoerak zehazteko balorazio zerbitzua.

Bulegoa Iralabarri plazan

Zerbitzuak Iralabarri plazako 13. zenbakian du bulegoa, eta astelehenetik eguenera martxan dago, 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Egubakoitzetan, berriz, arratsaldez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak