Gizarte berdinago baten aldeko borroka aldarri

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 6a, 08:46

Berdintasun Batzordeko kideak: Myriam Beltran de Heredia, Jone Ojea, Lourdes Llodio, Karmele Uribarri, Jasone Gorroño eta Garazi Artuñedo.

Martxoaren 8aren bueltako ekintza sorta antolatu dute Udalak eta Atxabaltako Mugimendu Feministak bat eginik; lorpenak ospatzeaz gain aldarrikapenak egin eta konpromisoak hartzeko garaia dela diote, "Aretxabaleta berdinzaleagoa izateko".

Udalak eta Atxabaltako Mugimendu Feministak bat egin dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. "Orain arteko lorpenak ospatzeko eguna da, baina bereziki aldarrikapenak egitekoa, oraindik ere bide luzea dugulako berdintasunaren alde", adierazi dute Berdintasun Batzordeko kideek. Aldarrikapenetatik harantzago joan gura dute, gainera: "Konpromisoak hartu eta berresteko eguna ere bada, Aretxabaleta berdinzaleagoa lortzeko". Hori horrela, Martxoaren 8rako, domekarako, bazkaria (15:00, mojen komentua) eta mobilizazioa (19:00, Herriko Plaza) deitu ditu Atxabaltako Mugimendu Feministak, eta Udalak bat egin du horiekin.

Mugimendu feministaren deia

Antolatu, feminismora batu! leloarekin bat egin du Pikarraituz Asanblada Feministak, eta ekitaldi sorta antolatu du. "Pentsatu zenbat arrazoi dituzun kalera irten eta etxera ez bueltatzeko, bazterrak hankaz gora jarri eta ahotsa herriko kaleetan uzteko. Antolatu zaitez eta batu indarrak! Martxoaren 8a oso potente dator, eta urtero, hilabetero, astero, egunero eta, batez ere, momenturo moduan, zure beharra daukagu! Zure indarraren zain egongo gara. Gora borroka feminista!", aldarrikatu dute, eta astebururako gertatu dituzten ekitaldietara gonbidatu dituzte herriko emakumeak.

Domekan bazkaria izango da mojen komentuan eta 100 bat lagunendako lekua dute. Arroz-entsalada jarriko dute eta gainerakoa norberak eroan beharko du.

Gaur, egubakoitza, batzar irekia egingo dute Mitarte kalean (19:00). Eta bihar, zapatua, hainbat ekitaldi egingo dituzte: buru-beroki tailerra (12:00, Herriko Plaza); tuper jana (14:30, Herriko Plaza), eta ondoren, Aretxabaletako emakumeekin tertulia; eta xunba tailerra (18:00).

Domekari ekingo diote txokolate-jana eginda (10:00, Mitarte plaza); gero, kontra-poteoa izango dute norberak eroanda aulkiak (12:30). Bazkaltzeko elkartuko dira mojen komentuan (15:00); 100 bat lagunendako lekua izango dute eta bertaratzera gonbidatu dituzte emakumeak; arroz-entsalada gertatuko dute eta norberak eroan beharko ditu pikatzekoa, edaria eta mahai-tresnak. Eguna bukatuko dute mobilizazioarekin (19:00, Herriko Plaza).

Kirol ekitaldiak domekan

Kirolaren bueltako hainbat ekitaldi antolatu dituzte domekara begira. Batetik, Eskoriatzako Aresko saskibaloi eskolak antolatuta –bi herrietako udalekin elkarlanean– laugarrenez egingo dute Emakumeen Aresko Martxa; oraingoan, Eskoriatzatik Aretxabaletara izango da, eta iritsitakoan (12:45), Garazi Estebez txirrindulari gaztea omenduko dute Herriko Plazan.

Ez da izango aste bukaerako kirol ekitaldi bakarra. UDAk antolatuta, zazpigarrenez jokatuko da Emakumeen Frontenis Txapelketa, Iturrigorri pilotalekuan. Martxoaren 8ari keinu egiteko antolatutako lehiaketa da, herrian errotuta dagoena, eta hamar bikotek eman dute izena oraingoan. Bihar, zapatua, jokatuko dituzte lehen partiduak, ligaxka eran (08:30-14:30), eta domekan, ostera, (10:00-12:00) finalerdiak eta finala izango dira.

Trebakuntza saioak

Udaleko Berdintasun Sailak, berriz, formakuntza eta hausnarketa saioak antolatu ditu datozen egunetarako; Setem Hego Haizea GKEarekin elkarlanean lotutako egitaraua da eta haiek bideratutako saioak izango dira.

Indarkeria matxistaren eta kontsumoaren gainean hausnartzeko saio bi egongo dira.

Martitzenean, hilaren 10ean, indarkeria matxistaren eta kontsumoaren gainean jardungo dute: "Kontsumoaren bidez indarkeria matxistak iraunarazteko mekanismoa ulertzen dugun heinean, badugu beharrezko oinarria eta ezagutza indarkeria matxistarik gabeko alternatibak eraikitzen hasteko, baita kontsumoaren esparruan ere". Arkupen izango da (18:00).

Martxoaren 17an, ostera, Fabricando mujeres (Al Borde Films, 2018) dokumentala emango dute Arkupen (19:00), eta gero, solasaldia bideratu. Pikara Magazineko eta Dunak Taldeko kideek eta beste hainbatek egiten dute kontsumoaren eta indarkeria matxisten arteko harremanaren gaineko hausnarketa.

Martxoaren 28an, zapatua, Aitatasun arduratsura bidean lantegia izango da, Gizon Ekimenako kide Iñaki Kasaresek bideratuta; Kuku Miku elkartean egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak