Aretxartek "salgai" jarri ditu herriko dendak

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 27a, 07:45

Salgai dioten kartelekin agertu dira astean herriko hainbat denda eta taberna. Aretxarte merkatarien elkarteak jarri ditu horiek, herritarrengan ikusmina sortzeko eta, era berean, pentsarazteko. Hamar bat egun iraungo duen kanpainak zeresan handia eman du herrian lehen egunetan.

"Herritarrek gero eta gehiago erosten dutela Interneten uste dugu, eta horren aurrean, protesta gisa, jarri dugu abian kanpainatxo hau", adierazi du Aretxarteko zuzendaritza batzordeko kide Usoa Etxebarriak, eta gaineratu: "Egia da aretxabaletarrek erosten dutela bertako komertzioetan ere, baina kontzientzia har dezaten gura dugu, geure egin dugun Bizi erosi Atxabaltan leloarekin bat eginez". Herriko merkataritza desagertuz gero zer gertatuko litzatekeen ere aurreratu du Etxebarriak: "Kaleak ilun, bizitasunik ez herrian, asko igarriko litzateke, zalantzarik gabe, eta ez onerako". Hala, bizirik mantendu gura bada guztien beharra egongo dela uste dute Aretxarteko kideek.

Harridura sortu

Martitzen arratsaldean jarri zituzten lehen kartelak eta segituan sortu zuten herritarrengan harridura: "Aho zabalik geratu dira asko, kezkatu ere egin dira hainbat, eta segituan etorri zaizkigu galdetzera. Hain zuzen, hori zen kanpaina honen helburua; harridura sortzea lehenengo, eta gero, zer pentsatua ematea".

Antzeko kanpainak beste herri batzuetan ere egin izan dituztela gogorarazi dute; plastiko beltzarekin erakusleihoak estali, esaterako. Aretxabaletar batzuei eraginkorra iruditu zaie eta beste batzuek ez diote graziarik topatu: "Broma dela esan diegu galdezka etorri direnei, baina, era berean, serio hartzeko kontua dela ere bai, etorkizunera begira jarrita ondorioak larriak izan daitezkeelako guztiondako".

Bezeroak zaindu

Aretxarte elkartea 58 kidek osatzen dute; horietatik 39 merkatariak dira eta 19 tabernariak. Oraingo kanpaina bereziki merkatariei bideratua izan arren, tabernariek ere bat egin dute horrekin. Herriko bezeroa zaintzen ahalegintzen da Aretxarte, eta, horretarako, urtero egiten ditu hainbat kanpaina; Gabonetan, esaterako, egutegiak oparitu eta bonuak zozketatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak