Kontsumoaren bueltako hausnarketa sustatzen

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 7a, 08:30

Berdintasun Sailak, Setem Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean hitzaldi eta solasaldi sorta antolatu du; martitzenean, Irantzu Varela feminista ezaguna etorriko da, maitasun erromantikoaren gainean jardutera.

Kontsumoaren bueltan hausnarketa eta eztabaida sustatzea helburu duten trebakuntza saioak antolatu ditu –solasaldiak, tailerrak eta film-emanaldiak, besteak beste– Udaleko Berdintasun Sailak Setem Hego Haizea GKEarekin elkarlanean. Indarkeria matxisten, emakumeen ahalduntzearen, berdintasunaren eta ekofeminismoaren gainean jardungo dute martitzenean hasi eta maiatzaren 5a bitartean.

Herritarrak sentsibilizatu

Garapenerako lankidetza, sentsibilizazioa eta hezkuntza lantzen eskarmentu handia duen GKE da Setem Hego Haizea, eta beste egitasmo batzuen artean Balioen Faktoria du abian. Kontsumo arduratsuaren gainean hausnartzera bideratuta dago ekimen hori, eta hainbat prestakuntza saio eskaintzen dituzte. "Bidegabekeriaren eta krisiaren errealitate globalarekiko kontzientzia kritikoa ekarriko duten balioak eraikitzeko orduan pertsonak lehengaiak gara. Horretarako, hainbat esparrutan dihardugu lanean, besteak beste, arroparen, kulturaren eta elikagaien produkzio eta kontsumo kontuetan, baita erotika eta plazera, genero desberdinkeria, ekonomia solidarioan eta beste hainbatetan", adierazi dute.

Udalak bat egin du ekimen horrekin eta Karmele Uribarri Berdintasun Saileko zinegotziak azaldu du aurreko agintaldian onartutako Berdintasunerako II. Udal Planean finkatutako ardatzei erantzuten diela. "Plan horrek herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak abiaraztea planteatzen du, eta ildo horretan, otsailetik maiatzera egingo diren hainbat jardueratan lan egingo da".

Saio irekiak guztiak

Martitzenean, otsailaren 11n, hasi eta maiatza artean eskainiko dituzte lau solasaldi, formazio saio bat eta ikus-entzunezko bat –guztiak Arkupen–. Saio irekiak izango dira eta herritar guztiak gonbidatu dituzte horietara.

Bigarren seihilekorako plangintza zehazteko, ostera, joan den egubakoitzean egin zuten bilera Setem Hego Haizea eta Udaleko ordezkariek eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako feministek.

Egitaraua

Otsailak 11

  • Solasaldia (18:00): San Valentineko eromen kontsumista. Irantzu Varela kazetari eta feministarekin egungo sistema ekonomikoaren gaineko hausnarketa.

Otsailak 18

  • Solasaldia (18:30): Kontsumo greba feministarantz, martxoan eta beti! Ekologistak Martxan taldeko kideekin kontsumitzaile feminista gisa ahalduntzea aztergai.

Martxoak 10

  • Formazioa (18:00): Indarkeria matxistak eta kontsumoa.

Martxoak 17

  • Dokumentala (19:00): Emakumeak fabrikatzen. Ohiko kontsumoaren eta indarkeriaren arteko harremanen azterketa.

Apirilak 21

  • Solasaldia (18:30): El textil como proceso de empoderamiento. El Salvadorreko Mujeres Transformando erakundearekin.

Maiatzak 5

  • Solasaldia (18:30):  Gure elikadura ekofeminismotik zaintzen. Etxalde elkarteko kideekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak