Aurrekontua onartuta proiektu berriei ekiteko

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 20a, 17:13

Urtea bukatu aurretik onartu gura izan ditu udalbatzak 2020ko diru kontuak. Guztira hamar milioi euro pasako aurrekontua da eta inbertsioetarako 866.902 euro erabiliko dituzte, iazkoarekin alderatuta %31,5 egin du gora horrek.

Atzo, abenduak 19, onartu zuen udalbatzak 2020ko Udal aurrekontua, 10.093.788 eurokoa; iaz baino 87.000 euro gehiago dituzte gastatzeko. Sarrerei dagokienez, Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik 5.069.625 euro jasotzea espero dute, iaz baino 165.000 euro gehiago. Inbertsiotara, ostera, 866.902,91 euro bideratuko dituzte.

Adinekoendako gizarte zentroa 

Inbertsiotan izarra izango da adinekoendako gizarte zentroa. Agintaldiko proiektu estrategikoetako bat da Udal gobernuarendako eta komentua egokituko dute horretarako. Lanen lehen faseari ekingo diote 2020an, beheko solairuan Basotxo erretiratuen elkartearen egoitza eta eguneko arreta zentroa egokitzea. Milioi bat euro aurreikusi dituzte; 450.000 euro 2020ko inbertsioan sartuta eta gainerakoa, 2019ko gerakinarekin ordaintzeko. Proiektuaren idazketa lizitaziora ateratzear dute. Komentua inguratzen duen horma birmoldatzeko proiektua ere idatziko dute datorren urtean (30.000 euro). 

Horrez gain, Santa Kurtz kaleko saneamendu lanak izango dira Hirigintza arloko proiekturik garrantzitsuenetakoak; hori, 2019ko diruzaintzako gerakinarekin ordainduko dute. Inbertsiotan, ostera, honako hauek jaso dituzte: bide publikoetan hobekuntza lanak (50.000 euro) eta Bedarreta auzoan espaloiak egokitzea (25.000 euro). Kuarteleko patioan lan batzuk egiteko partida ere badago (10.000 euro).

Argiteria kontuetara hainbat diru bideratzea ere onartu zuten. Batetik, Ibarra futbol zelaian led argiak jarriko dituzte (76.000 euro), bestetik, Arbizelaiko trialsin-gunea argiztatuko dute (10.000 euro) eta zebrabideak ondo argiztatzeko lanak ere egingo dira (20.000 euro). 

Ongizate Sailari dagokionez, esku-hartze psikosozialera bideratu dute partida garrantzitsu bat (70.000 euro). Egoera babesgabean dauden adin-txikikoei eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduei ematen dieten zerbitzua indartzeko izango da. 

Nerabeekin egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak bideratzeko asmoa ere badute eta eskatutako ekintzak antolatzeko dirua gordetzea erabaki zen (10.000 euro). 

Emendakin bakarra onartua

EH Bilduk lau emendakin aurkeztu zizkion aurrekontuari, eta Udal gobernuak bakarra onartu zuen: eguzkia aprobetxatzeko plaka fotovoltaikoak ipintzea Ibarra kiroldegian.

Onartu ez zizkieten artean daude Durana kalean dagoen pasabidean bizikletak aparkatzeko eta gordetzeko lekua egokitzea, eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza programa sortzea. Almen ikastetxera dagoen errepide zatian bidegorria egitea ere ez zuten onartu baian azken horren proiektua egiteko konpromisoa hartu zuten.

Inbertsio garrantzitsuenak

Adinekoendako gizarte zentroa –komentua–

450.000 euro

Futbol zelaiko argiteria

76.000 euro

Komentuko harresia egokitzeko proiektua

30.000 euro

Futbol zelai berriko aldagelak

30.000 euro

Bedarreta auzoan irisgarritasun lanak

25.000 euro

Zebrabideetako argiztapena

20.000 euro

Bazterkeria kasuetarako esku-hartzea

70.000 euro

Bideetan hobekuntza lanak

50.000 euro

Nerabeei bideratutako ekintzak

10.000 euro

Kuarteleko patioan egokitze lanak

10.000 euro

Trialsin-guneko argiztapena

18.000 euro

Txakurrendako gune librea egokitzea

8.000 euro

Inbertsioak guztira

866.902 euro

Balorazioak

Unai Elkoro (alkatea): Inbertsio handiko urtea

2020ko aurrekontuak 10.093.788,37 eurotakoak izango dira, iaz baino %0,87 handiagoak. Datuak osotasunean hartuz oso antzekoak diruditen arren hurrengo urteko aurrekontuko partidak nahiko estutu dira inbertsiotarako behar genuen dirua egokitzeko asmoarekin.

Inbertsio kapitulura 887.000 euro bideratu ditugu, inbertsio nagusia komentuaren eraberritzea izango delarik, 450.000 eurorekin. Edonola ere 2020ko inbertsio osoa dezente handiagoa izango da, aurten altxortegi gerakinaren zati handiena ez baitu erabili, hurrengo urtean komentuari eta Santa Kurtzeko PEASari heltzeko.

Nabarmendu daiteke HAPOa martxan jartzeko 165.600 euro bideratu ditugula, berehala martxan jartzea espero duguna, eta 70.000 euro familia esku-hartze proiekturako.

Inbertsio handiko urtea izango da, beharrezkoak ikusten ditugun zerbitzuz eta azpiegiturez hornitzeko herria; gainera aspaldiko partez urtea amaitu aurretik izango ditugu aurrekontuak onartuta.

Ion Albizu (EH Bildu): Estutasunean aukerak

Gobernuaren kontuak ausarkeriazkoak direla uste dugu. Partida asko larregi estutu dira eta ez da kreditu nahikorik egongo hainbat kasutan. Horrek behartuko gaitu partxeetan ibiltzera.

Inbertsioetan badaude batzuk gure babes osoa dutenak: argiteria berriztea, irisgarristasun kontuak, gazteriaren ongizatekoak…

Eguneko zentroaren kokapenen inguruko desadostasunetatik at, bi alderdion kanpainako proiektua zen, beraz, ados gaude. Dena dela, obraren aurretik horren inguruko proiektua ez egoteak harritzen gaitu: zenbat plaza, kudeaketa eredua, gestio kostuak… Aldi berean, etxez etxeko laguntza zerbitzua desmantelatzen ari da: partida %30 jaitsiz (90.000 euro gutxiago). Nagusiak haien etxeetan egotea lehentasuna da guretzako.

 

Dena dela, aurrekontuak babestea erabaki dugu; aukerak ikusten dizkiogu. Gure emendakinak, 207.000 eurokoak izan dira. Besteak beste proposatu dugu gazteen emantzipaziorako udalak hutsik dituen bi etxeak apaintzea eta programa bat sortzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak