UDAren elkartasun kanpaina, aurten, Lesbosera begirakoa

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 12a, 16:33

UDA eta Zaporeak elkarteek bat egin dute Lesbosen bizi diren errefuxiatuen egoeraren berri herritarrei emateko, eta era berean, haiendako laguntza jasotzeko. Gaur, egubakoitza emango diete hasiera elkartasun kanpainaren baitako ekintzei elikagai bilketarekin eta datozen egunetan hainbat kontu izango dituzte.

Zaporeak elkartearekin bat egitea erabaki du aurten UDAk Gabonen bueltako elkartasun kanpaina bideratzeko, eta horren eragile hein handi batean Nuria eta Maria Agirre ahizpa aretxabaletarrak dira; Lesbosen izan ziren haiek ekainean. "Gurekin jarri ziren harremanetan hara eramateko materiala gura zutelako. Ekipamenduak eraman zituzten orduan, eta orain, erabaki dugu Lesbosen bizi diren errefuxiatuekin bat egitea, gure elkarteko neska-mutikoek hango egoeraren berri izan dezaten eta hala, elkartasuna sustatu", adierazi du Agurtzan Elkorok, UDAko presidenteak. 

Zaporeak elkarteko kide da Maria Agirre. Horrek gogorarazi gura izan du euskaldunak ere izan zirela errefuxiatu, baita aretxabaletarrak ere: "Herrikide batek esan dit aita eta osaba batzuk, orain dela 83 urte, Gerra Zibila hasi zenean, Ingalaterran egon zirela hiru urtez. Horregatik, garrantzitsua da jakitea, bereziki gazteek, hemengoek ere izan direla errefuxiatu".

15.000 laguneko kanpamendua

Zaporeak elkartea 2016an sortu zuten, errefuxiatu uholdea ari zela iristen Greziara ikusita. Kios uhartean sukalde bat jarri zuten orduan, haiei guztiei jaten emateko, eta iaz, Lesbosera aldatu zuten sukalde hori: " Helburua da egunero otordu duin bat ematea, ahal den begirune handienarekin, ikus dezaten badutela inguruan laguntzeko gertu dagoen jendea", dio Agirrek.

Maria eta Nuria ahizpak ekainean izan ziren Lesbosen, astebetez, sukalde batean lanean: "Egoera benetan larria dela ikusi genuen. Moriako errefuxiatuen kanpamenduan, lehen kartzela izandako tokian, 3.000 lagunendako eremuan 15.000 bat lagun bizi dira pilatuta, ahal duten moduan". Eta baldintza oso kaskarrak dituztela jakinarazi du: "Komun bakarra askorendako, umeak eskola barik…". Baldintza gogorrak badira ere etorkizun beltza dela larriena dio: "Gazteak etorkizun barik sentitzea da benetan gogorra. Zail dute pauso txiki bat ematea legeari dagokionez; esaterako, hiru urte daude zain gobernuak baimen bat emateko, eta askotan, pauso bat aurrera eta hiru atzera eman behar izaten dituzte". 

Ekainetik hona, gainera, egoerak okerrera egin duela iragarri du: "Gobernu aldaketa egon da Grezian, eskumara egin du eta ez dakit zenbat denboraz egon ahal izango duten bertan. Gainera, gobernuz kanpoko erakundeei mugak jartzen dizkiete behin eta berriz".

Elikagai bilketa gaurtik 

Aretxabaletan, errefuxiatuen zaporeak goxatuz! izena duen kanpaina gaur jarriko dute abian elikagai bilketarekin. Ibarra futbol zelaian jasoko dituzte elikagai iraunkorrak –dilistak, arroza, garbantzuak…– Copreci kooperatibak emandako edukiontzietan: "600 kilo elikagai biltzea da helburua, baina nik harantzago joan gurako nuke eta 1.000 kilo batu", dio Elkorok.Horrez gain, bihar eta etzi, Zaporeak elkarteak ekarritako materiala jarriko dute salgai Neguko Azokan, Herriko Plazan.

Eguaztenean, hilaren 18an, Varados filma eskainiko dute eta ondoren, kontu-kontari jardungo du Aita Mari itsasontzian izan den Izaskun Arriaran aramaioarrak.

Bukatzeko, hilaren 22an, Ohorezko Erregionalean jokatzen duen futbol taldeak Mutriku hartuko du etxean, eta partidu hori ikusteko 5 euro ordaindu beharko dute ikusle guztiek, bazkide izan edo ez. Jasotako diru hori guztia Zaporeak elkartearendako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak