Euskal presoen urruntze politikarekin amaitzeko eskatu dute Aretxabaletan

Txomin Madina Milikua 2019ko aza. 16a, 17:54

Aretxabaletako Sarek deituta, agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean. Bertan, besteak beste, Garikoitz Gartzia Arrieta euskal preso aretxabaletarraren egoera salatu dute.

Norbanako ugarik eta herriko hainbat eragile eta elkartetako kideek agerraldia egin dute gaur eguerdian Mojen komentua izandako eraikinean Aretxabaletako Sarek deituta. "Aretxabaletako herritarrak gara eta pertsona guztiendako ezinbestekoak diren giza eskubideak defendatzeak batzen gaitu", esanaz hasi du ekitaldia Sareko Mirari Irurek.

Azaldu dute konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea dela, eta etorkizunera begira jartzeko iraganetik datozen oinaze eta minak sendatzea ezinbestekoa dela. Hala, sufritu duten pertsona ororentzat "beharrezkoa den aitortza eta erreparazioa" aldarrikatzen dituztela adierazi dute, eta gaineratu dute presoen urruntze politikak oraindik ere sufrimendua sortzen jarraitzen duela.

Garikoitz Gartzia Arrietaren egoera

Zentzu horretan, egun Valentziako Picassent III espetxean dagoen Garikoitz Gartzia Arrietaren egoera salatu dute. "Gure herritik 600 kilometrotara daukate. Hamar urte luze daramatza espetxean eta bere zigorraren ia erdia beteta izan arren, oraindik ere 1. graduan jarraitzen du. Hau da, espetxeko erregimen gogorrenean, Garikoitz eta bere senide- lagunen eskubideak etengabe urratuz", azaldu dute. Azpimarratu dute, era berean, egungo espetxe politika "iraganean kateatuta eta salbuespeneko lege batean oinarrituta" dagoela: "Gure ustez, konponbiderako eta elkarbizitzarako bidean aurrera pausoak ematako ezinbestekoa da espetxe politika hau errotik aldatzea, gehiengo politiko, sindikal eta sozialak aldarrikatzen duen bezala".

Urruntze politikarekin amaitzeko garaia dela nabarmendu dute, eta horretarako, ezinbesteko dela herritarrak "ikusle hutsak" izatetik "protagonistak" izateko jarrera aldatzea: "Bakoitzak bere eremutik ekarpenak eginez, dinamika iraunkor bat garatzera goaz urruntze politika eta Gari eta bere senide-lagunek pairatzen duten giza eskubideen urraketarekin amaitzeko". Herritarrei aurrerantzean martxan jarriko dituzten dinamiketan parte hartzeko deia eginaz amaitu da agerraldia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak