Xabier Aierdi: "Zurrumurruen kontra egin behar da bazterkeria iturri ez izateko"

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 25a, 15:53

Zurrumurruen Aurkako Sareko kidea da Xabier Aierdi soziologoa eta Zurrumurruak, egia-erdiak eta migrazioa izena duen ikastaroa eskainiko du urriaren 29an, Arkupen (17:00).

Zergatik sortzen dira zurrumurruak?
Uste okerrak eta aurreiritziak  gizakiari dagozkion ezagutzeko modu arruntak dira, arruntenak. Errealitatea erdizka ezagutzen dugu eta esaera zaharrak dioen moduan usteak erdi ustelak dira. Usteetan eta perzepzioetan oinarritu izan da gizakiak, oro har, errealitateaz jakin izan duena eta aro modernoan zientziaren ezarrera hedatuak ekarri du ezagutza sasi-erratua eta egia zientifikoa erkatzeko aukera. Besterik da, gizakiari nahikoa zaion uste duenarekin. Gehienetan bai. Historian zehar beldurra eta ezjakintasuna muga handiak izan diren arren, horrexetara mugatu da gure ezagutza. Oro har, egiarekin baino  sinesmenekin hobeto bizi izaten da.
 
Zeintzuk dira zurrumurrurik edo egia-erdirik zabalduenak?
Hiru zurrumurru edo egia-erdietatik bi immigrazioari lotuak dira. Ikuspegik aurkitu duenaren bidez, immigranteak gizarte laguntzei esker bizi direla, lana kentzen dutela edo delinkuentzia areagotzen dutela zabalduenak. Hiru hauek nahiko sinetsiak dira. Edozelan be, zurrumurru hauek mundu guztiko gizarte hartzaile guztiek immigrazioarekiko sinesten dituen berberak dira. Honen atzean metafora eraginkor bat dago: etxekoek metatu dutena kanpokoek bere egin nahi dute.
 
Garrantzitsua da prestatzea zurrumurruen aurka jarduteko?
Bai, baina lasaitasun handiz eta jakinda egia zientifikoak sinesmenak nekez ahultzen dituela. Horregatik lan geldoa, eta zirimiriaren antzekoa, izan behar da. Oso beharrezkoa da zurrumurruen aurka joatea bazterkeria eta diskriminazio iturri izan ez daitezen. Ez beti, baina sarri estereotipoak tratu desberdintasuna legitimatzeko abiapuntu izaten dira.
 
Zurrumurruen aurka, xenofobiaren aurka, zein da biderik eraginkorrena?
Zurrumurruen aurka aritzea xenofobia txikitzeko oinarrizko urratsa da. Zurrumurruen aurkako estrategiak antiarrazakeriak baino intentsitate eta diskurtso leunagoa eskatzen du, baina batek bestea elikatzea ekarriko du. Zirkulu konzentrikoen itxuran, zurrumurruetan hasitakoetatik antiarrazakerira joango dira batzuk, baina premiazko lana da ere zurrumurruen aurkako sektoreak saretzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak