Xenofobiaren prebentziorako trebakuntza saioak eskainiko dizkiete herritarrei

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 22a, 15:45

Herritarrak zurrumurruen aurkako eragile izan daitezen Zurrumurruak, egia-erdiak eta migrazioa izena duen ikastaroa egingo dute Zurrumurruen Aurkako euskal Sarearen (ZAS!) eskutik. Urriaren 29an eta azaroaren 5ean dira saio horiek eta izena emateko epea zabalik dago ostirala bitartean.

Gipuzkoako zurrumurruen aurkako kanpainarekin bat egin dute Udaleko Gizarte Zerbitzuek, eta programa horretan parte hartuko duen Gipuzkoako sei udalerritako bat da; kanpainak Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

ZAS! sarea herri erakundeek, gizarte taldeek eta borondatezko norbanakoek osatzen dute, eta horien egitekoa da xenofobiaren prebentziorako gizarte sentsibilizazio estrategia bat garatzea. Horretarako politika publikoen funtsezko elementuez eta herritar mugimenduez baliatzen dira.

Aretxabaletako ikastaroak bi saio izango ditu; urriaren 29an, martitzena, Xabier Aierdi soziologoak hitz egingo du kulturen, identitateen, aurreiritzien, estereotipoen eta zurrumurruen gainean. Azaroaren 5ean, ostera, Raquel Romero izango da gidaria eta zurrumurruak kudeatzeko baliagarri diren komunikazio eta emozio estrategiak azalduko ditu. Bi saioak Arkupe kultur etxean izango dira, 17:00etatik 19:00etara.

Herritarrei zabalik 

Etorkinekin lan egiten duten elkartetako eta erakundetako ordezkariak gonbidatu dituzte bereziki saio horietara, baina edonork parte har dezake. Asmoa da hogei bat lagunekin osatutako taldea eratzea. Gizarte Zerbitzuetako batzordeko buru den Karmele Uribarrik adierazi du inmigrazioaren fenomenoarekin sentsibilizatuta dauden herritar orori zuzenduta dagoela eta gaineratu du: "Kultur aniztasuna gaur egun bizi dugun errealitate bat da. Saio hauek aurreiritziekin eta estereotipoekin apurtzeko estrategiak landuko dituzte, gizartea sentsibilizatzeko eta, bide batez, arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko".

Saio horietan parte hartzeko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri behar da: 943 71 18 62 telefonora deituz edo ongizate@aretxabaleta.eus helbidera idatziz, urriaren 25a baino lehen.

Zurrumurruen Aurkako Sarearen kideak

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea honako erakundeek eta elkarteek osatzen dute: Ikuspegi (Inmigrazioaren Euskal Behatokia), Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat udal (Donostia, Eibar, Hernani, Ordizia, Tolosa, Zarautz, Basauri, Gasteiz…). Erakunde sozialek ere osatzen dute sarea, horien artean daude: CEAR Euskadi, Caritas Bizkaia, SOS Arrazakeria Gipuzkoa eta Harresiak Apurtuz (Euskadiko Etorkinei laguntza emateko GKE-en koordinatzailea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak