Aretxabaletako istripuan zauritutako laurek 'hobera' egin arren, ospitalean jarraitzen dute

Maialen Santos 2019ko urr. 25a, 13:34

Domekan Aretxabaletako saihesbidean istripua izan zuten bi autoak, talka egin ostean

Domeka arratsaldean Aretxabaletako saihesbidean bi autok izandako istripuan, 64 urteko Azkoitiko gizonezko bat hil zen. Lau pertsona ere zauritu ziren; guztiek jarraitzen dute ospitalean, baina datozen orduetan horietako bik ospitalea utziko dute, familiaren gertukoek GOIENAri adierazi diotenez.

Pasa den domeka arratsaldean, 19:00 aldera jazo zen ezbehar larria, Gi-627 errepidean, Aretxabaletako saihesbidean, Arrasaterako noranzkoan eta Eskoriatzarako noranzkoan zihoazen bi autok –Seat Cordoba bat eta Ford Transit bat, hurrenez hurren– aurrez aurre elkar jota. Lehenengo autoaren gidaria autoan harrapatuta geratu zen, eta kanpora atera zutenean hilda zegoela baieztatu zuen medikuak, oraindik argitu gabeko arrazoiengatik.

Ezbeharrean, hartaz gain, lau pertsona ere zauritu ziren: larritasun-maila ezberdineko zauriekin eraman zituzten laurak inguruko ospitaleetara. Kalte pertsonalak ez ezik, materialak ere ugari izan ziren bi autoetan.

Ospitalean oraindik

Hildako gizonezko azkoitiarra gidatzen zihoan istripua gertatu zenean, eta haren ondoan zihoan bere bikotekidea. Emakumea Txagorritxuko ospitalera eraman zuten istripuaren ostean, eta oraindik bertan jarraitzen du, zaurietatik errekuperatzen, GOIENAk jakin duenez.

Istripuan izandako beste autoan, Leintz Gatzagako hiru bizilagun zihoazen, familia bereko hiru kide; 14 urteko alaba eta haren gurasoak, hain zuzen ere. Gizonezkoa zihoan gidari, bikotekidea alboan zuela. Alaba, berriz, autoaren atzeko aldean zegoen eserita. Hirurak zauritu ziren eta anbulantzian eraman zituzten Gasteizko erietxe ezberdinetara, larritasun-maila ezberdineko zauriengatik: ama eta alaba, Txagorritxura eroan zituzten; eta aita, berriz, Santiagoko ospitalera.

Familiaren gertukoek adierazi dutenez, hirurek jarraitzen dute ospitalean, baina emakumeak izan zituen zauririk larrienak. Are gehiago, zaintza bereziak jasotzen ari da oraindik, eta hiru ebakuntza egin dizkiote dagoeneko. Horietako bi domekan eta astelehenean egin zizkioten –hesteetan izandako zauriengatik– eta azkena atzo, eguena, apurtuta zuen femurraren eraginez. Alabak eta aitak, biek ala biek ere izan zituzten hezurretako hausturak istripuaren eraginez: gazteak tibia apurtu zuen eta aitak, aldiz, peronea. Hala ere, amak ez bezala, aita-alabek ez dute zaintza berezien beharrik izan azken egunetan. Edozelan ere, zaurietatik errekuperatzen ari dira oraindik, baina familiaren gertukoek GOIENAri adierazi diotenez, datozen orduetan ospitalea uztea espero dute, egonkorrago dauden heinean, errekuperazioarekin etxean jarraitu ahal dezaten.

Ikerketa, abian

Domekan jazotako ezbeharraren inguruko ikerketa abian du Ertzaintzak, eta lekuko bila dabil orain; inork istripuaren inguruko informaziorik izanez gero telefono honetara dei egin dezala eskatu dute: 943 53 91 25.

Istripu larri gehiago

Domekakoa ez da izan Gi-627 errepidean, Aretxabaletako saihesbidean, istripu bat gertatu den lehen aldia. Azken urteetan hainbat izan dira puntu horretan gertatutako ezbeharrak, eta horietako asko larriak izan dira -hildakoak eta larri zauritutakoak utzi baitituzte–. Duela zortzi urte, 2011ko uztailean izandako istripuan bi gizonezko hil ziren, gidatzen zihoazen autoek aurrez aurre elkar jota. Eskoriatzako eta Arrasateko bizilagunak ziren.

2016ko urtarrilaren 6an, noranzko ezberdinetan zihoazen bi autok aurrez aurre egin zuten talka. Bi autoetako gidariak harrapatuta geratu ziren, eta horietako bat larri zaurituta eraman zuten erietxera.

Bestalde, duela bi urte, 2017ko azaroaren 12an beste istripu bat gertatu zen errepide berean, baina kilometro bateko tartean. Aretxabaletako hegoaldeko sarreran bi autok talka egin zuten, eta auto baten barruan harrapatuta geratu zen lagun bat.

2018ko urtarrilaren 4an, Aretxabaletako saihesbideko sarreran jazo zen istripua, Arrasateko noranzkoan. Motor batek eta autobus batek aurrez aurre talka egin zuten orduan, eta motorraren eta autobusaren gidariak, biak, hil egin ziren istripu larriaren ondorioz.

Azkenik, urte bereko, 2018ko, abuztuan ere motor gidari bat hil zen errepide berean. Eskoriatzatik Aretxabaletara sartzera zihoan auto bat, eta Arrasatetik zetorren motorrarekin talka egin zuen. Motor gidaria larri eraman zuten Donostiako ospitalera, helikopteroz, baina, azkenean, hil egin zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak