Kuartela, sortzaileen gune

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 11a, 12:57

Kuartela kultura elkartea sortu berri, Kuartel zaharra sekula baino gazteago! lelopean jaialdia antolatu dute zapaturako. Egitasmoaren hasierako pausoetako bat izango da, eta, auzolana bultzatuz, herriko kulturari balioa ematea dute helburu.

Aretxabaletako kuartel zaharra eraikin esanguratsua da hainbat herritarrentzat. Istorio ugari batzen dituen lekua da, eta kulturalki erreferentziazkoa zenbaitentzat. Hala, kultura sustatzeko espazio bihurtu nahi dute orain hainbat lagunek. Badira urte batzuk, batez ere, musika talde ezberdinek eraikin horretako gelak erabiltzen dituztela entsegu lokal moduan, baina aurrerapauso bat eman gura izan dute, eta herriko eragileak, norbanakoak eta talde ezberdinak batu dira Kuartela kultura elkartea sortzeko.

Elkartekideen zerrenda

Dantza

• Jaiki Elkartea.

Musika

• Gorka.

• Txerrikumeak.

• Joss.

• Wood Strings.

• Eñaut Zubizarreta

• Nhil.

• Screamers And Sinners.

• Pieman.

• Iban Brgs.

• Criminal Remains.

• Margumission.

• Jasan.

• Zerendepya.

Lokala hutsetik elkarte ofizialera

Errepublika garaikoa da herriaren sarreran dagoen eraikina, eta 1989a arte guardia zibilen bizilekua izan zen. Haiek alde egin zutenean guztiz bestelako ibilbidea hasi zuen. Haur eskolaren egoitza izan zen, baita gazteena ere, gaztetxea izan zelako han hainbat urtez. Leizarra musika eskolak ere bertan eman zituen lehenengo pausoak, eta dantza taldekoek ere hara jo zuten. Urteek aurrera egin ahala, horiek guztiek alde egin zuten handik –gaztetxea itxi–, eta poliki-poliki herriko musika taldeak hasi ziren erabiltzen barruko lokalak; lehenengo gutxi batzuek eta orain mordotxo batek. Eñaut Zubizarreta txelo-jolea da bertan entseatzen duen musikarietako bat: "Gela huts mordoa zeuden, gutxi batzuk erabiltzen zirelako; beste batzuk, aldiz, zaborrez beteak zeuden egokitzapen beharrean. Aretxabaletako musika talde berriak, gazteak, batez ere, Eskoriatzara joan beharrean geunden entseatzera. Beste batzuk gaztelekura joaten hasi ziren, baina hori 16 urtera artekoentzat soilik da, eta adinez zaharragoak ere bazeuden bertan; ez zela leku egokiena iruditu zitzaigun. Hala, diagnosi bat egin genuen herrian, eta erabaki genuen entseatzeko tokirik ez zuen jende hori kuartelean sartzea espazio huts horiek betetzeko".

Kuarteleko gelak beteaz doaz poliki-poliki, eta orain, beste urrats bat egitea erabaki dute. "Itxura formala emate aldera, kultura elkarte moduan eratzea erabaki genuen. Eta, horrela, kuarteleko gelak, batzuek bakarrik erabili beharrean, kultura sortzaile guztiontzat eremu bilakatzeko, herritar guztiei ateak zabalduta", adierazi du Zubizarretak. Kuartela kultura elkartea uztailean sortu zuten ofizialki, eta zuzendaritza batzorde bat eratu ere bai; hain zuzen, lau kidek osatzen dute hori: Inaxio Corres (presidentea), Carlos Lopez (presidenteordea), Eñaut Zubizarreta (idazkaria) eta Asel Errastik (diruzaina). Era berean, uste dute eraikin horren etorkizuna ziurtatzeko ere balio duela elkartea sortu izanak.

Talde gehiagori baietza

Talde asko elkartzen dira kuartelean eta lagunak gehiago; 100 bat gazte dabiltza joan-etorrian. Eta gehiago ere izango direla uste dute. "Hainbat pertsona lokal barik dago oraindik, eta eskaera egin dute. Eratze prozesu erdian geundenez ez diogu horri heldu baina bigarren txanda bati ekingo diogu talde gehiagorendako lekua egiteko. Beraz, 100 pertsonatik pasako garela uste dut", dio Zubizarretak eta gaineratu du oraindik tokia egon badagoela: "Hiru lokal huts daude, espazio handi bat ere badugu… Egiteko dagoena da gelak txukundu, egokitu, banatu eta ondo antolatu. Bizikidetzaren aldeko apustua egingo dugu gainera eta lokal batzuk elkar-banatu egingo ditugu, nahiz eta hori zenbaitetan ez izan gustuko".

Zapatura begirako jaia

30 urte bete dira aurten guardia zibilak eraikinetik joan zirela. "Guk ez genuen data horren berri, baina Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten dabiltzan elkarteko zenbait kidek eraikinaren gainean egindako ikusentzunezkoan jaso zuten. Aitzakia bikaina iruditu zitzaigun jaialdi bat prestatzeko urriaren 12rako, Pilarika Egunerako, hain zuzen ere, horrek duen esanahiarekin".

Abian jarritako prozesu horri bultzada emateko eta herriko sortzaileen lanari balioa emateko, Kuartel zaharra sekula baino gazteago! jaialdia antolatu dute biharko, zapatua: 12:00etan, irekiko dituzte ateak; 13:00etan, Jam eta Jan ekitaldia izango da Jaiki elkartearekin eta Brgs DJarekin; 14:30ean, paella erraldoia bazkaltzeko elkartuko dira 100 bat lagun –txartelak 15 eurotan erosi daitezke, Urbaltz eta Ezkutu tabernetan–; eta 17:00etan, musika kontzertuak izango dira: Txerrikumeak, Wood Strings, Nhil, Screamers and Sinners eta Criminal Remains taldeak, besteak beste. Horiekin batera, DJek ere girotuko dute arratsalde partea. Iluntzean, aldiz, parrilada egingo dute, jaieguna borobiltzeko. Egunotan gogor jardun dute lanean bertako kideek gunea egokitzen eta zapaturako jaialdirako gogotsu daude: "Herritarrak gonbidatu gura ditugu; ateak zabalik izango dituzte, kontzertuak debalde, eta herriko sortzaileen lana ezagutzeko aparteko aukera. Goazen Aretxabaletako kultura eredu on bat bultzatzera…".

Udalak bat egin du jaialdi horrekin eta laguntzen jardun du: "Geu ere ilusio handiarekin gabiltza laguntzen jaialdi horrek aurrera egin dezan", adierazi du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, eta pozik agertu da elkartea eratzeko egindako urratsarekin: "Antolatzen dabiltza, hainbat proiektu dituzte esku artean, erabilpen hobe baten alde dihardute lanetan eta gu pozik gaude horrekin. Harreman zuzena dugu haiekin".

Sormena bor-bor

Kuarteleko lokalak sorgune izan dira bertan entseatzen duten zenbait musika talde edo norbanakorentzat. "Herritarron aurreiritziak ezabatzeko ere balioko du jaialdiak; izan ere, sarritan pentsatu izan da gazteak egonean egoteko toki bat besterik ez dela, eta ez da horrela. Garrantzitsua da guztiok ulertzea sormena lantzen den eraikin bat dela eta lan pertsonalak aurrera ateratzeko elkartzen direla hor", dio Cabero zinegotziak.

Proiektu interesgarriak eta arrakasta handikoak egosi izan dira kuartelean, lanordu asko dituztenak atzean. Wood Strings taldeak, esaterako, bigarren diskoa aterako du azaroaren erdialdean eta zenbait bideoklip ere eginak ditu. Nhil taldearen proiektu berria zapatuko jaialdian emango dute ezagutzera; bi urtez kuarteleko lokalean entseatzen aritu ostean jendaurrean egingo duten lehen pausoa izango da. Eñaut Zubizarreta txelo-joleak bakarkako Trigger proiektua bertan sortu du. Screamers And Sinners taldeak dagoeneko hiru disko argitaratu ditu, guztiak kuartelean sortuak, eta azkena –Hypnosia– maiatzean aurkeztu zuten. Jasan taldeak, aldiz, esklerosi anizkoitzaren ikerketari laguntze aldera, bideoklipa grabatu zuen kuarteleko sabaian, herriko hainbat elkarterekin lankidetzan. Criminal Remains taldeak lau urte daramatza han eta disko bat du Walking on the same old road. Jaiki elkarteak ere ekitaldi mordoa antolatzen ditu: dantza ikastaroak eta herrian erakustaldiak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak