Herritarren ekarpena sanmigelak girotzeko

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 27a, 16:00

Lekaixokak gonbidatuta Alaia Martin eta Igor Elortza bertsolariek balkoitik balkoira jardungo dute; horrez gain, txistulariek, trikitilariek, txalapartariek eta dantzariek girotuko dituzte bazterrak. Bola-jokoak eta dokeak ere izango dute lekua egunotan.

Sanmigelei ekiteko ezin gogotsuago daude herritarrak; horren erakusle da kantu afarirako txartelak –500 lagunendako lekua– agortu izana epea zabaldu orduko. Eguraldi ona izanez gero, beste 100 jarriko dituzte gaur herritarren eskura –txarra bada, Iturrigorri pilotalekuan izango da–. Oraingoan ere Sei Pistols Eta Trabuko Bat taldea izango dute lagun kantuan egiteko.

Bihar ere izango dute zereginik herritarrek: batzuek trikitiekin eta beste batzuek txalapartarekin girotuko dituzte kaleak. Tril emakume elkarteko kideek eta haien inguruan biltzen direnek, ostera, urtero legez, taloak eskainiko dituzte Pagaldaixenean.

Alaia Martin eta Igor Elortza

Bestalde, iaz eskainitako balkoitik balkoira formatuko bertso saioak jarraipena izango du. Igor Elortza (Durango, 1975) eta Alaia Martin (Oiartzun, 1987) gonbidatu ditu Lekaixoka bertso eskolak, eta saio atsegina eskainiko diete Durana kalean (12:30) elkartuko diren herritarrei.

Beinke-Loramendi dantzak ere herritar mordoa eroango du Herriko Plazara (19:00). Aretxabaletar askok egingo dute dantzan, azken asteotan entseguetan jardun dutenek, eta beste asko gerturatuko dira erakustaldia ikustera, egun horretan bakarbakarrik dantzatzen den pieza dela jakinik.

Bola-joko txapelketa

Bola-jokoa gustuko dutenek aurten ere izango dute txapelketa. Bolatokia 16:30ean zabalduko dute eta txapelketari 18:00etan ekingo diote; izena emateko, 5 euro ordaindu beharko da. Sari politak iragarri dituzte: lehenengoak, urdaiazpikoa eta jasotako diruaren %40; bigarrenak, txerri-besoa eta diruaren %30; hirugarrenak, diruaren %20; eta laugarrenak, jasotako diruaren %10. Eta giro onak ere ez duela hutsik egingo adierazi dute antolatzaileek: "Herritar guztiek dute lekua bolatokian, eta sekula jokatu ez duena etor dadila probatzera", adierazi dute.

Sei talde dokean

Doke txapelketa klasiko bihurtu da sanmigeletan, eta aurten ere izango du tokia. Oraingoan, sei talde elkartuko dira nor baino nor gehiago jokatzeko, Basotxoko lorategian (10:00). Hona hemen taldeak: Loramendi, UDA, Totoro, Udala, Aratz eta Basotxo. "Giro benetan polita sortzen da, eta parte-hartzaile kopurua gora doa", diote azken horiek. Aratzekoek lehenengoz hartuko dute parte, eta Durana kaleko etxean bizi direnek zein beste hainbatek osatuko dute taldea.

Atxabaltako Gazte Mugimenduaren egitaraua

Gazte mugimenduak ere girotuko ditu jaiak eta erdigunea izango da udaletxe zaharra. Hona hemen egitaraua:

Ostirala, hilak 27

  • 18:00, Tabernaren irekiera
  • 19:30, Kontzertua: NFS

Zapatua, hilak 28

  • 12:00, Tabernaren irekiera
  • 19:30, Motxaila Band
  • 22:00, Pintxada kolektiboa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak