Sanmigel domekan ohitura den moduan, Aretxabaletako abesbatzak kontzertua eskainiko du. Aurten, Andra Mari kooperatiba eta bere fundatzaile izandakoak omenduko dituzte ekitaldian, "gerora kontsumo talde handi bat izango zenaren lehen oinarriak eraikitzearren". Hala, euskal kantak, herriko dantzariak eta herritar ugari batuko ditu hitzorduak, azken urteetan ohitura den bezala, Iturrigorri pilotalekuan, 19:00etan.
Iraultzaren lehen pausoak
Era horretan, aurreko mendean bailarak bizitako "iraultza" ekarri nahi izan dute gogora: "Duela 56 urte, 1962ko martxoaren 31n, inauguratu zen kooperatiba Durana kalean kokatuta zegoen, akizutarren kortan. Urte haietan, bailaran, kooperatiba funtzionamendua zuten lantegiak sortu ziren, eta, industria hauen eragin zuzenez, kontsumo kooperatibak sortzen hasi ziren. Adibidez, Arrasaten, San Jose Kooperatiba", azaldu du abesbatzako kide Anjel Barandiaranek.
Eroskiren aintzindari
Urteen poderioz, kontsumo kooperatiba hura, beste herrietan abian jarritako halako dendekin batera, kontsumo eta zerbitzu enpresa handi baten sortzaileetakoa izango zen.Hala, 1969an, Eroski jaio zen, orain dela 50 urte. Kontsumo kooperatiba edo denda txiki haiek zeramaten bide oparoa ikusita, inguruan zeudenekin elkarlanean hasi ziren Arrasate, Aretxabaleta, Zornotza, Eibar, Markina, Ermua eta Matienako hainbat denda. "Eroskiren urteurrena aitzakia hartuta, oraindik egun hain garrantzitsua den kooperatibismoaren lehen pauso haiek omendu nahi izan ditugu".
Garaira egokituz
Ohi bezala, ikuskizunik ez da faltako abesbatzaren kontzertuan: musika eskolako dantza taldeak, umeen abesbatza, nagusiena...arituko dira taula gainean. Dekorazio eta jantziei dagokienez, garai hartara moldatzen saiatuko direla aitortu dute eta pantaila bati esker orduko irudiak erakutsiko dituzte.