Hasiera-hasieratik Loramendi euskara elkarteari lotuta egon da Jasone Gorroño Aretxabaletarra. Hamar urtez zuzendaritzan egon ostean, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Beinke-Loramendi dantzaren nondik norakoak; dioenez, herriak "biziki" maitatuko ekitaldia.
1994an, Loramendi euskara elkartearen sorrerarekin ekin zenioten dantzari. Zein zen helburua?
Orduan sortu berri zegoen Loramendi euskara elkartea, eta ongietorri ekitalditxo bat egin nahi genuen, herrian ezagutzera emateko asmoz. Aretxabaletan ohitura errotzea ere bazen helburua, jendeak parte hartu zezan. Hala, dantzaren ideia sortu zen eta lanean hasi ginen; Jose Ramon Vitoriak sortu zuen musika, eta dantza pausoak, fandangoa, arin-arina, balsa... Loramendi dantza taldearen eskutik iritsi ziren.
Zer irudikatu nahi izan zenuten?
Dantza bi talde ezberdinetan hasten da, eta gero, denek batera egiten dute emanaldia. Bi zatitan egiten da, hain zuzen, gure historia bera irudikatu nahi zuelako dantzak: ilara batek Beinke irudikatzen du eta besteak, Loramendi. Bakoitza bere kabuz doa hasieran, eta gero, batu egiten dira, uztartzen diren bi bide sortuz, Loramendirekin gertatu zen bezala.
Eta nondik sortu zen Loramendi euskara elkartea?
Hasiera batean, Beinke zen Aretxabaleko euskara elkartea eta Loramendi, aldiz, ikastola. Ikas-tola publifikatu egin zen eta bertako bazkidetza umezurtz geratu zen, hein batean. Bazkidetza horiek baliatuta euskara elkartea sortzea proposatu zen, Beinkeko jendearekin eta Loramendikoekin. Elkarte berria aurretik egindakoari jarraikortasun bat emateko helburuarekin jaio zen, indar handiagoz lan egiteko.
Egun, sanmigeletako ekitaldi seinalatua da; orduan ere harrera ona izan zuen herrian...
Zalantza barik, bai lehen eta bai orain, herriari guztiz errotutako ohitura da Beinke-Loramendi dantza. Lehen urteetan, izugarria izan zen, 120 lagun izatera ere iritsi ginen dantzan, eta plaza ikuslez beteta egoten zen. Egun ere, jende asko gerturatzen da eta, plazan dantzarako lekua egon dadin, lau lerrotan egin behar izaten dugu emanaldia.
Aurtengoari begira, nola iristen zarete hitzordura?
Ehun lagun inguru batuko gara aurten. Azken urteetan, zifra horren bueltan gabiltza: batzuetan, gora; beste batzuetan, behera. Emanaldia boluntarioa eta irekia da, herritar guztiak etor daitezke, dantzan jakin edo ez. Esan beharra dago animatzen diren gehienak emakumeak direla, baina gutxika-gutxika mutilak ere badabiltza gerturatzen. Hori ere bada erronka guretzat.