Sanmigeletako artisautza eta nekazaritza azokan 60 postu aurten

Jone Olabarria 2019ko ira. 25a, 19:13

Herritarrak iazko Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Azokan.

Urtero bezala, hilaren 28an egingo dute sanmigeletako azoka. Aurten, 60 postuk jantziko dute Aretxabaletako artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren 25. azoka. Era berean, bertako ganaduen V. Feriak Arlutzeko kantxa hartuko du

Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Azokak 25 urte beteko ditu aurten. Hala, urtero moduan, Durana kalean jarriko dituzte postuak, eta 10:00etatik 14:00eta-ra bitartean bertako produktuak ikusi, erosi eta probatu ahal izango dira.

Bertakoaren aldeko apustua

Horrenbestez, zapatu goizean, Euskal Herriko toki askotariko ekoizle eta artisauak batuko dira azokan; gipuzkoarrak gehienak, eta, nola ez, Aretxabaletakoek ere ez dute hutsik egingo. Eztia, ardi eta ahuntz gazta, ogia, haragia, berakatzak... as-kotariko produktuekin disfrutatu ahal izango dute azokara gerturatzen direnek.

Zehazki, hogei postu egongo dira ikusgai nekazaritza ekologikoaren atalean eta 41 artisautzan; horietatik hamabi, aretxabaletarrak. Horrekin guztiarekin batera, txistulariek, trikitilariek, txalapartariek eta bertsolariek girotuko dituzte azokaren xarmaz beteko diren herriko kaleak.

Artisautza, gora

Produktu ekologikoez gain, artisauek gero eta parte hartze handiagoa dute azokan. Hain zuzen, 41 artisau-postu izango dira aurten, iaz baino sei gehiago. Hauen artean ere, Euskal Herri osotik etorritakoak eta bertakoak elkartuko dira, produktu sorta zabala ikusi eta erosteko aukerarekin: artilea, bitxiak, xaboia, euskal pastelak, kremak, zilarra, umeentzako arropak, alpargatak, egurra, kandelak...

Ganadu feria, arrakastatsua

Seigarren urtez, herriko bertako animaliak izango dira ikusgai Arlutzeko kantxan. 10:00eta-tik 14:00etara bitartean, zaldiak, ahuntzak, ardiak, oiloak eta astoak izango dira ikusgai. Guztiak, herriko baserritarrek eroandakoak. Izan ere, abereen feriak aurreko urteetan izandako arra-kasta ikusita, San Migel azokako klasiko bilakatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak