Azokaren bueltan ospatuko dira aurten ere San Migel jaiak

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 18a, 19:49

Kantu afaria, azoka, ganadu feria, euskal dantzak, bolo-txapelketa eta Aretxabaleta Abesbatzaren kontzertua izango dira besteak beste, sanmigeletako protagonista. Aurten berrikuntza bat ere badago: nerabeei bideratutako "alkoholik gabeko DJ festa".

Gaur aurkeztu dute sanmigeletako egitaraua eta horretarako elkartu dira Unai Elkoro alkatea, Kultura Saileko ordezkariak –Ainhoa Cabero zinegotzia eta Inma Miguel teknikaria– eta artisauen eta ganadu feriaren ordezkari bana. 

Aretxabaletako eta Bergarako erraldoien konpartsen kalejirak emango die hasiera jaiei hurrengo egubakoitzean, irailaren 27an. Kantu afaria ere izango da egun horretan, urtetik urtera arrakasta handiagoa duen ekitaldia. Aurrez eman behar da izena (kuadrillaka) lekua gordetzeko; bihar, irailak 19, zabalduko dute horretarako epea Arkupen (09:00). 500 lagunendako egongo da lekua, baina eguraldi ona eginez gero, beste 100 txartel jarriko dituzte salgai egunean bertan.

Nerabeendako festa

Aurten bada berritasunik; nerabeei bideratutako festa, hain zuzen ere. "Alkoholik gabeko DJ festa izango da eta Oihan Vegak gidatuko du", adierazi du Ainhoa Cabero zinegotziak. 12 urtetik gorako gaztetxoendako antolatu dute eta komentuko lorategian elkartuko dira horiek –eguraldi txarrarekin, barruan–. "Nerabeen artean ematen den kontsumoarekin kezkatuta, Udalak, Farapi aholkularitzaren laguntzarekin, azterketa bat egin zuen aurreko agintaldian. Ondorioetako bat izan zen nerabeek aste bukaeretan zein jaietan eurentzako aisialdirako ekintzarik ez dutela", adierazi du kultura zinegotziak eta gaineratu du jaietako egitarauetan nerabeentzako ekintzak sartzea dela Udalaren asmoa.

Azoka eta ganadu feria

Jaietako egun nagusia zapatua izango da, irailaren 28a. Aurten, 60 postu izango dira Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren 25. Azokan; batzuk  Durana kalean eta beste batzuk Herriko Plazan. 20 postu egongo dira ikusgai
nekazaritza ekologikoari dagokionez, eta 41 artisautzari; horietatik hamabi aretxabaletarrak izango dira.

Horrekin batera bertako ganaduen V. Feriak Arlutzeko kantxa girotuko du; Galartza auzoko Zaloña-aurrekoa baserriko Luis Mari Alberdi baserritarrak hainbat abere izango ditu ikusgai. Eta goiz partea girotuko dute txistulariek, trikitilariek, txalapartariek eta bertsolariek, besteak beste. Tril emakume elkartekoen taloek ere ez dute hutsik egingo. 

Aretxabaleta Abesbatzaren kontzertua

Azken urteotan legez jaiei bukaera emango die Aretxabaleta Abesbatzak Iturrigorri pilotalekuan eskainiko duen emanaldiarekin. Aurten, Andra Mari kontsumo kooperatiba bultzatu zutenak omenduko dituzte musikaren bidez, eta Humanity at music kooperatiba sinfonikoaren baitan sortutako hainbat kantu abestuko dituzte.

Zapatuko ekitaldiak baserritar jantziarekin soinean ospatzera gonbidatu ditu herritarrak Unai Elkoro alkateak, eta azpimarratu du jaiak "berdintasunean eta errespetuan" oinarritu behar direla.

Erlazionatuak

Sanmigelak: egitaraua

Mirari Altube Arrese 2019 ira 16 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak