Senegalgo Mbam herriarekin elkarlanean jarduteko gertu

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 18a, 07:25

Udalerri hartako hainbat lagun bizi dira Aretxabaletan azken urteotan, eta haiek gonbidatuta bertako alkate Simon Diouf etorri da bisitan. Bi herrien arteko kolaborazio sarea sortu gura dute, eta horretarako, Udal ordezkariekin, Unai Elkoro alkatearekin eta Karmele Uribarri zinegotziarekin, elkartu da.

Senegalgo bi familia bizi dira Aretxabaletan, zazpi bat lagun guztira. Souleymane Sarr 2011n iritsi ziren, eta oso gustura bizi dela dio: "Harrera beroa egin zidaten niri, baita handik bi urtera iritsi ziren eta Aminata Sene emazteari eta alabari ere. Hain zuzen horiek oso ondo integratu dira, eta ni baino ezagunagoak dira herrian". Haien sorterriko alkatea etorri da bisitan orain, Simon Diouf. "Apirilaz geroztik geunden harremanetan, baina lehenengo Senegalgo hauteskundeak zirela, eta gero, hemengoak, atzeratzen joan da bisita egutegia", azaldu du Souleymanek. Bisita horren arrazoia zein den ere argitu du: "Euskadiren berri eman gura dugu Senegalen, guztiz ezezaguna delako; hemen zelan bizi garen erakutsi gura diegu, euskal herritarren berri eman. Era berean, orain dela bost bat urte izendatu zuten MBam udalerri, eta egiteko asko dago han, azpiegiturei dagokienez, esaterako. Hortaz, elkarrekin harremanetan jartzea da asmoa eta ea zerbait egiterik dugun". 

Euskal Herrira lehenengoz

Simon Diouf oso eskertuta dago egindako harrerarekin: "Eskerrik asko guztioi, eta bereziki, alkateari bisita erraztearren. Herri atsegina dela ikusi dut hemen daramatzadan egun gutxian, eta eskertzekoa da hori. Frantziako hainbat herrirekin elkarlanean jardun izan dugu baina Euskal Herriarekin sekula ez, eta pozik etorri naiz. Elkarrekin lan egiteko modurik izango litzatekeen zehaztea da asmoa". 

Unai Elkoro alkatearekin eta Karmele Uribarri zinegotziarekin elkartu da. "Zerbitzuei dagokienez, esaterako atzetik daudela ikusi dute, eta horri bultzada bat eman gurako liokete. Elkarlanean jarduteko gertu etorri dira eta aztertuko dugu zelan zehaztu daitekeen hori". Helburua kolaborazio sarea sortzea da hainbat proiektu aurrera eroateko, beti ere ardatza jarrita, osasun arloan, hezkuntzan eta emakumeei eskaintzen zaizkien errekurtsoetan; horiek dira hain zuzen bereziki indartu gura dituztenak. 

Mbam udalerria 2013an sortu zen eta Senegalgo erdi-ekialdean dago kokatuta; 13.000 biztanle inguru ditu eta nekazaritza, arrantza eta artisautza dituzte bizibide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak