Seigarren Auzoko Eguna ospatuko dute domekan, Aretxabaletan

Aitor Agiriano 2019ko eka. 5a, 18:03

Aniztasunak, euskarak eta herritarrek bat egingo dute ikasturte amaierako festa egunean, ekainaren 9an. Dultzaina doinuak, auzoko dinamikak, munduko leku ezberdinetako janarien dastaketa eta plaza dantzen saioa izango dira gozagai, besteak beste.

Urte osoan zehar egindako lanaren erakuslehio izango da, beste behin, Auzoko Jaia. Aretxabaletan izango da seigarrena eta herritar guztiekin batera, gaur egun egitasmoa martxan duten herrietako taldeak gerturatuko dira festa eguna ospatzera: Eskoriatza, Soraluze, Arrasate, Bergara, Donostia, Ibarra, Oñati eta Gasteiztik, hain zuzen.

Euskaratik urrun bizi diren pertsonak euskarara gerturatzeko helburua dute eta astero biltzen dira taldeak, euskaraz hitz egiten aritu eta dinamika ezberdinak eginda ongi pasatzeko asmoz. Hala, aniztasuna oinarri hartuta, euskaraz ez dakitenek euskarara gerturatzeko aukera izaten dute Auzoko taldeetan.

Hori horrela, etzi egingo duten ikasturte amaierako jaiarekin, herriz herri egiten diharduten lana ezagutzera emateaz gain, euskara erdigunean jarri eta munduko jatorri ezberdinetako kultura ohiturak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du jaiak.

Guztientzako moduko egitaraua

Dultzaineroek egindako dianarekin hasiko dute goizeko 10:30ak bueltan eguna eta kanpotik datozenei ongietorria egingo diote, Azbe-ko autobus geltokira iritsitakoan.

Jarraian, kalejiran egingo dute Durana kalean barrena Herriko Plazarainoko bidea, bertan gauzatuko dituzte-eta prestatuko ekintza guztiak: 11:30ean hasita, Auzoko saioetan burutzen diren dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Bestetik, ordu beretik 12:30etara bitartean, haurrek ere izango dute non gozatu propio beraientzako prestatutako txokoan: munduko jolas eta eskulan tailerretan aritzeko aukera izango dute hauek.

Horrez gain, eguerdi partean, 12:30eatik aurrera, jatorri ezberdinetako janaria probatzeko aukera ere egongo da. Aretxabaletako taldekideek prestatutako janariez gain, gainontzeko herrietatik datozenek ere kozinatutakoa dastatu eta ohiko ez zaizkigun jakiak probatu eta ezagutzeko aukera eskainiko dute. Azkenik, plaza dantzen saio batekin emango diote amaiera koloretsua izango den festa egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak