Mikel Arroiabe: "Artikulu mordoa daude euskaraz Wikipedian"

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 3a, 14:10

Euskal Herriko wikilarien elkarteko kide da irakasle aretxabaletarra eta Wikipedian eta Txikipedian hainbat eratako artikuluak idazten ditu Zumaiako ikasleekin batera.

Zer da wikilaria izatea?

Wikimedia elikatzea era boluntarioan, sortzen den guztia librea izanik edozeinek erabili ahal izateko.

Wikimedia eta Wikipedia; zer da bata eta zer bestea?

Wikipedia da ezaguna, baina handiagoa den Wikimediaren zati bat da, idatzizko entziklopedia, hain zuzen ere. Gero daude Wikimedia Commos biltegi erraldoia –audioak, bideoak, argazkiak…–, Wikidata datu base erraldoia, Wikiztegia, Wikiteka testu historikoen biltegia…

Badira zortzi bat urte horretan diharduzula; nolatan hasi zinen?

Irakaslea naiz eta ikasleendako informazio bila nenbilela konturatu nintzen hainbat gabezia zituela. Orduan pentsatu nuen nik neuk ere egin nitzakeela ekarpenak hutsune horiek betetzen joateko.

Eta zelako ekarpenak egiten dituzu?

Bidaia asko egiten ditut eta ezagututako lekuen gaineko artikuluak idatzi, gustuko leku horien gaineko informazioa euskaraz egon dadin. Zientziaren gaineko artikuluak ere idazten ditut, baita kirolarekin zerikusia dutenak eta bertsolaritzari buruzkoak ere. Egia esan, lotu egiten du honek!

Orain dela urtebete sortu zen Txikipedian ere badiharduzu ikasleekin, ezta?

Bai. Europan 2010aren bueltan hasi ziren umeei bideratutako hainbat ekimen, ikusi zelako umeendako zailak zirela Wikipediako artikuluak: luzeak, oso teknikoak… Vikidia izan zen Frantzian sortutako ekimen bat eta beste herrialde eta hizkuntza batzuetara ere zabaldu zen; euskarazko Vikidia ere egin zen orain dela bost bat urte. Baina Wikipediatik kanpo zegoen webgunea izanda, ez zen oso ezagun egin. Hori konpontzeko, Wikipedian txertatu zen. Horregatik, Wikipediako artikuluren batek umeendakoa Txikipedian ere baldin badu, lotura bat dago hara bideratuta.

Eta Zumaiako institutuko ikasleak lanean jarri zenituen Txikipedian.

Bai, zientzietako artikuluekin hasi ginen iaz, biologiako irakaslea naizelako, eta aurten, zerbait potoloagoa egitea erabaki genuen, zientzietako departamentuarekin elkarlanean. Hala, batxilergoko lehenengo mailako ikasleak Txikipedia elikatzen dabiltza; dagoeneko 100 bat artikulu egin ditugu.

Gogotsu dihardute ikasleek?

Gustuko dute. Hasieran, gogorra egiten zaie; izan ere, ikasi behar dute ez dela norberarena idatzitako artikulu hori, abiatu egiten duela batek eta edozeinek egin ditzakeela ekarpenak gero. Era berean, euren lana Interneten ikusteak motibatu egiten ditu. Oso lan interesgarria da, eta beste eskola batzuk ere animatuko nituzke; ni gertu nago edozertan laguntzeko.

Nazioarteko hainbat wikilari izan ziren apirilean Euskal Herrian.

Bai; urtean zehar hainbatetan elkartzen dira, eta oraingoan, gurera etorri ziren 150en bat lagun. Norberaren herrialdeko esperientzien berri eman zen; guk, Zumaiako institutukoa.

Euskal wikilariok elkar ezagutzen duzue?

Bai, elkartea sortu genuenetik orain dela urte pare bat. Horren aurretik, ezizena bakarrik genekien eta gainerako informazio gutxi. Ofizial egiteko asmoarekin eta erakundeekin harremanetan jartzeko elkartu ginen.

Euskaraz jardutea helburuen artean egongo da, ezta?

Bai, horixe; gure asmoa da jakintza unibertsala euskaraz egotea Interneten. Sarritan, ordenagailuak eta telefonoak gazteleraz konfiguratuta daudenez, bilaketa egiterakoan gaztelerazko artikuluak erakusten dira, euskaraz ere egon arren. Artikulu mordoa daude euskaraz; hortaz, ahalegin bat egin euskaraz kontsumitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak