Yeray Alvarez: "Lehiaketan egindako lanarekin gustura nago"

Mirari Altube Arrese 2019ko api. 5a, 09:01

Yeray Alvarez (Aretxabaleta, 1997) gazteak soldadura eta eraikuntza metalikoen gaineko erdi eta goi mailako ikasketak egin zituen Aretxabaleta Lanbide Eskolan. Martxoaren 26tik 29ra bitartean Madrilen izan da, SpainSkills lehiaketan.

Zer moduz joan zen txapelketa?

Podiumera igotzerik ez nuen izan, baina oso gustura nago egindako lanarekin. Hamalau erkidegotako lagunak elkartu ginen nor baino nor gehiago, eta hiru egunetan hiru lan egin behar izan genituen. Ez dakit zenbatgarren postuan geratu nintzen, ez zigutelako esan, baina, nire ustez, aurrealdean.

Eta zu euskal ordezkaria?

Hori da. Iaz jokatu zen EuskoSkills, Aretxabaletan, gainera, eta hura irabazi nuelako ni izan naiz Espainiako txapelketan euskal ordezkari bakarra soldadura arloan; izan ere, beste arlo askotako lehiaketak egon ziren.

Zein lan egin zenituen?

Lehenengo bi egunetan zortzi ordutan jardun genuen lanean. Planoak eta materiala eman eta piezak gertatu behar izan genituen lehenengo; gero, muntatu; eta bukatzeko, soldatu hiru makina ezberdinekin. Egunetik egunera probak zailtzen joan ziren. Adibidez, ur-depositu bat egin behar izan genuen, eta gero, urarekin presio probak egin zituzten; nireak akats txiki batzuk zituen eta uste dut hor galdu nuela podiuma. Gainerako lanekin pozik geratu nintzen.

Irakasleen laguntzarik izan zenuten?

Ez, ez, telefonoak ere kendu egin zizkiguten hasterakoan. Lehiakide bakoitza kabina batean egon ginen gure lanak egiten.

Halako lehiaketatan parte hartzera animatuko zenituzke orain ikasten dabiltzanak?

Bai, bai. Esperientzia oso polita da, eta behin bakarrik har daiteke parte, adin muga dago eta.

Halako lanetan aurreiritziak egon izan dira eta soldatzaile lana gogorra dela esan ohi da…

Bai; beharbada, gogorra da, ondo egin behar dira lanak, baina, gustuko izanez gero, polita ere bai; eta nik oso gustuko dut. Eskolan asko ikasi dut, baina praktikak egiterakoan askoz gehiago; enpresa batean egon nintzen, eta orduan bai ikasi nuela. Gaur egun, gainera, lan eskaintza handia dago soldadura eta galdaragintza arloetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak