Eñaut Zubizarreta txelo-joleak Trigger proiektua aurkeztu du

Aitor Zuazabeitia 2019ko api. 4a, 16:01

Trigger proiektuaren bueltan, 'Esku bi hamar hatz' diskoa kaleratu berri du eta kontzertuak eskaintzen dabil han eta hemen Eñaut Zubizarreta.

Zubizarretak dio estetika jakin baten barruan kokatutako proiektua dela Trigger, eta orain dela hilabete inguru Esku bi hamar hatz kantu sorta kaleratu zuen. Eskuragai dago honako helbide honetan: https://triggerprototxelo.bandcamp.com.

Zer da Trigger?

Norberaren ezinak, amorruak, gizartean dauden gezurrek sorrarazitako gorrotoak azaleratzeko modua, tiro egiteko gogoa, ez bakarrik beste bati tiro, baita norberari ere; izan ere, askotan, norberaren etsai handiena norbera da. Sarri diodan lez: pull the trigger.

Otsailean kaleratu zenuen lehen lana, Esku bi hamar hatz

Aurrera egiteko zerbait behar zela esku artean ikusi nuen eta grabaketa lanak iaz abenduan hasi nituen; izan ere, hogei bat kontzertu eman ostean, ez atzera ez aurrera geratu nintzen. Denbora nuenez, grabaketa prozesuaren zati handi bat nik neuk egin nuen, eta gero, Axel taldekide eta lagunarekin jardun dut; edizio lanak, masterrak, ahotsa sartu berarekin egin ditut. Galduta ere ibili nintzen, baina, neure kabuz jardun dudanez, lasai hartu dut.

Diskoko abestiak konposatzerakoan zertan oinarritu zara?

Mila modu egon daitezke konposatze prozesu batean; inguratzen zaituzten kontuei erreparatu eta apuntatu, hasi instrumentuarekin esperimentatzen… Mila prozesu daude eta disko honetan denetik dago. Kantu batzuk apropos sortu ditut, baina aurreko zirriborro batzuk berreskuratu ere egin ditut eta horiei gehitu zatiak eta landu… Sormen prozesua oso zabala da. Zein musikaren eragina izan duzu? Musika estilo asko ditut gustuko eta eragin asko daude. Disko honetan ez naiz saiatu influentzia horiek guztiak sartzen, baina zenbait pintzelada agertzen dira. Askotariko diskoa da, denetik dago, eta hegoak ez dizkiot moztu ezeri; Triggerren estetika barruan sartutako guztia, barrura.

TT (Trending Topic) da abestietako bat; zer esan gura duzu hor?

Gaur egungo gizartean sare sozialek duten indarra izugarria da, eta pertsona zelan xurgatzen duten ikus daiteke; irudi zikin batzuei arreta handiagoa jartzen diegu pertsonei baino, edozein pasarte bizi beharrean grabatzen ibiltzen da jendea, albisteen atzetik beti, baina gero albiste izan gura geuk… Ni neu ere hortik pasatu izan naiz, Facebook kendu egin nuen, baina guztiz ezin kendu… Yonki baten zera hori…

Gizartearen presioa dago, agian…

Ez dakit gizartearen presioa den edo norberaren gabeziak zuritzeko prozesu bat…

Eta zuzeneko emanaldietan zer jaso izan duzu ikusleen aldetik?

Jendeak gustura hartu izan nau; hasieran, erreminta gutxiagorekin egiten nuen lan, eromen handiagoa zen, ohiko arauetatik kanpo zegoena, baina ondo. Poliki-poliki, beste kontu batzuetan sartu naiz, Jaiki elkartearekin, adibidez, eta, egia esan, askoz ere feedback hobea izan dut.

Bakarrik igotzen zara oholtzara; zer sentitzen duzu?

Musikari moduan mundu klasikotik nator eta denbora luzea pasatu dut bakarrik, kabinatan, ikasten, azterketatan… Hortaz, defentsa mekanismo bat garatu dut, burbuila bat sortu, norberak esateko duena botatzeko, eta jendeari kasurik egin ez. Trantze bat dela esango nuke, denboraren eta munduaren nozioa galduta…

Diskoaren emanaldiekin zabiltza orain, baina aurrera begira beste proiekturik baduzu?

Oraingoz, disko honen bueltako kontuekin nabil. Baina burua beti dago martxan, beti daude ideiak, eta banabil beste zerbait lantzen, Fuck the wor(l)d dauka izena; word eta world hitzekin egin dudan hitz-jokoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak