Gurasoendako saioak umeei lagun egiteko

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 18a, 09:35

Udal liburutegiak haur kantuen eta jolasen gaineko saioak antolatu ditu, apiril eta maiatzerako, 3 urte bitarteko umeak dituzten gurasoendako; osasun etxearekin batera abian jarritako ekimen handiago baten barruan daude saio horiek.

Ekimen berria jarri du abian Aretxabaletako liburutegiak gurasoei begira, lehen urteetan ere umeen bidelagun izan daitezen. Hala, 3 urte arteko semealabak dituztenendako saio bi antolatu dituzte kantuen eta jolasen gainean trebatzeko. 

Adin tarte bakoitzari egokituak

"Hizkuntza bera jolas bat da umeendako, eta kantuak eta jolasak haiengana gerturatzeko aitzakia dira gurasoendako", adierazi du Nerea Altunak, liburutegiko laguntzaileak. Horrez gain, gaineratu du umeen garapen emozional eta kognitiboan era positiboan eragiteko aukera ematen dutela ipuinek, kantuek zein jolasek.

Dio kultura guztiek dituztela sehaska kantak, hatz jolasak eta altzoan aritzeko kantuak, besteak beste: "Eta, beharbada, gaur egun lehen baino gutxiago erabiltzen dira". Uste du euskal kulturak, eta euskarak berak, duen ondarea altxor handia dela horretarako: "Euskarak ondare ederra du eta gurasoak horretan trebatzea ona da, geroago beraien umeei transmisio hori egiteko. Ekimenaren helburua ez da abesti mordo bat ikastea, baizik eta adin tarte bakoitzari dagokion batzuk gure egitea eta horiekin gozatzea".

Lehenengo saioa apirilaren 3an da eta bigarrena, maiatzaren 15ean; Kontu Kabi taldeko Vanessa Gonzalezek eta Maider Altzelaik gidatuko dituzte. Bi talde izango dira: bata, 18 hilabete arteko umeak dituztenena (17:00-17:40); eta bestea, 18 eta 36 urte artekoak dituzten gurasoena (17:45-18:30). Izena emateko liburutegira jo behar da martxoaren 27a baino lehen: liburutegia@aretxabaleta.eus edo 943 08 10 01; plazak mugatuak dira. "Ezusteko asko dituzte gertatuta Kontu Kabikoek, eta hausnarketarako topagune bat ere izan gura dute saioek". 

Osasun etxearekin elkarlanean

Galtzagorri haur eta gazte literatura elkarteak Bularretik mintzora egitasmo barruan badu halako ekimen bat. Aretxabaletako liburutegiak adin tarte horretan hutsunea zuela jakinik, osasun etxera liburu batzuk eramaten hasi ziren kideak: "Harrera ona egiten zietela jakin genuen, eta bertako koordinatzailearekin berba eginda aurrera egitea erabaki genuen", dio Altunak. Ekimen horretan Eskoriatzako Udala ere badago.

Erabat abian jarritakoan, 3 urte arteko gurasoek umeari ohiko osasun azterketa egiterakoan Bularretik mintzora egitasmoko CD liburuak jasoko dituzte erizainen eskuetatik: "Errezeta liburua emango diete, eta gero, jarraipena egin ere bai. Horiekin lortu gura da familietan ohitura onak sortzea; izan ere, kantuen eta jolasen bitartez estimuluak jasotzen dituzte umeek euren garapen emozional zein intelektualerako", dio, eta gaineratu du: "Gure helburua da irakurzaletasuna bultzatzea, baina hori ez da hasten 5 edo 6 urterekin, aurretik lan handia dago, eta hor, gurasoek izugarrizko garrantzia dute".

 

Nerea Altuna: "Umeen motxila ibiltariaren ekimena osasuntsu dago"

Umeen irakurzaletasuna sustatzeko hainbat lan egiten dute liburutegian.

Urteak daramatzazue Bularretik mintzora egitasmoarekin; zelan doa?

Abian jarri zenean, trebakuntza jaso zuten irakasleek; gero, norberaren esku geratzen da horren lanketa. Motxila ibiltariaren ekimena osasuntsu dago; astero dator gela bakoitzeko ume bat liburu baten bila, etxera eta eskolara eramateko.

Ekimen berri hori euskaraz ez dakienarendako lagungarria izan daiteke?

Oso aproposa, euskaldun berriek eta ez dakitenek kantu batzuk ikasi ahal izango dituzte eta gero, umeekin landu.

Umeendako Txiki Txokoak harrera ona du?

Garaiak egoten dira, neguan gehiago eta udan gutxiago, baina gustura gaude. Umeekin une goxo bat pasatzera etortzen dira gurasoak.

Beste saio batzuk eskaintzeko ahalegina ere egiten du liburutegiak…

Bai; hasi ginen gurasoendako saioak eskaintzen Bularretik mintzora-ren bueltan, baina azken urteotan ezin izan dugu. Ipuin kontalariak ere ekartzen ditugu hilabetean behin, 3 urtetik gorakoendako; hurrengoa hilaren 23an da eta Aitor Vinagret etorriko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak