Bolatarako zaletasuna pizteko ahaleginean

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 15a, 12:52

Bola-jokoa berreskuratzeko taldetxo bat elkartu da herrian eta bolatokia behar bezala txukundu eta edonorendako zabaldu gura dute; Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa barruan ere sartu dute Aretxabaleta eta lehen jaurtialdia martxoaren 2an izango da

Bolatarako zaletasuna berreskuratu gura dute herrian, eta, horretarako, dagoeneko hasita dago lanean taldetxo bat. Joan den zapatuan elkartu ziren herriko bolatokian eta jaurtialdi txukunak egin zituzten. Bolatarako zaletasuna duten kanpoko hainbat lagunen babesa ere jaso zuten; izan ere, Soraluze, Elgeta eta Eibar aldetik gerturatu ziren Gipuzkoako Federazioko kide batzuk; Mikel Urkia presidentea, besteak beste.

Gaztetxoen artean harra sortu

"Bola-jokoa hilda egon da aspaldian Aretxabaletan, eta hori berpiztu guran hasi gara lanean taldetxo bat", jakinarazi du Kepa Urrak, kideetako batek. Zaletasun hori indartzeko, herritarrak bolatokira gerturatu gura dituzte. "Kurtzebarri Eskolako kantxan bertan dago bolatokia; hortaz, harrobitxoa egon daiteke hemen. Baina ume askok jakin ere ez dakite zertarako den eta zelan jokatzen den". Eskolakoekin berba egin du Urrak, eta atsedenaldietan bertara joateko gertu dagoela adierazi die, taldetxoa osatu eta bolarekin jarduteko: "Iaz ere etorri nintzen aste pare batez, eta ikusmin handia sortu zuten saioek. Eurak gustura eta neu oso pozik". Hala, adinekoak nagusi direla bolatokietan jakinik, gaztetxoen artean harra sortzen hastea da helburua.

Era berean, argi utzi gura du edonor gertura daitekeela bolatan egitera: "Iaz kuadrilla pare batek eskatu zidaten; bazkari baten bueltan bolatan jardun gura zutela. Nahi dutenerako zabalik dutela esan nien". Horrez gain, elkarteetan ere bultzatu gura dituzte txapelketak. "Elkarte mordoa ditugu herrian, eta zergatik ez antolatu elkarte bakoitzaren egunean jaurtialdiak? Guk horretara animatzen ditugu. Gero, elkarte arteko txapelketa ere egin daiteke, musean egiten den lez", dio Urrak.

Bolatokia, egoera eskasean

Bolatokia, ostera, ez dago bere onenean: "Orain dela bi aste, 20 zentimetro ur zegoen bertan. Antza, inguruan dauden kanalizazio batzuk dira horren errudun", adierazi du eta gaineratu: "Udalari jakinarazi nion, eta urak hartzeko ahalegina egin dute kanaltxo baten bidez. Baina teilatuan ere badaude itoginak; izan ere, azken 30 urteotan ez da egin inolako mantentzelanik". Bolatokia erabiltzen ez dutenetan estali egiten dute, babeste aldera, baldintza onetan mantentzea garrantzitsua delako, bereziki txapelketak jokatzeko: "Gure gogoa litzateke bolatoki ingurua ixtea; ikusteko moduan utzi gardena den zerbaitekin, baina itxita, negu partean haizetik eta euritik babeste aldera. Hortaz, Udalari zerbait proposatzeko asmoa badugu".

Hiru Txirlo Txapelketak, 50 urte

Gipuzkoako Hiru Txirlo Bolajoko Txapelketak 50 urte betetzen ditu aurten, eta Federazioak egitarau berezia antolatu du. Ohiko txapelketarekin batera tiraldi bereziak egingo dituzte, eta lehenengoa Aretxabaletan izango da, martxoaren 2an (17:00). Txapelketa Leintz Gatzagan bukatuko da, abenduaren 15ean. Mikel Urkia, Gipuzkoako Federazioko presidentea, asko poztu da Aretxabaletan taldea sortu delako: "Elgoibar, Eibar, Soraluze aldean oraindik badago zaletasuna, eta gazteak badatoz atzetik, mutilak zein neskak. Leintz aldean ere badagoela indartzeko gogo hori ikusita pozik gaude". Eta bolatokietan sortzen den giro ona nabarmendu gura izan du. "Euskara nagusi izaten den giroa sortzen da, eta asko eskertzen dugu hori euskaraz bizi garenok".

Txapelketa hasteko gogotsu daude Urra zein taldekideak: "Batzuk federatu ere egin gara, hiru oraingoz, eta hor gabiltza, ilusioz". Taldeko ateak zabalzabalik dituzte bola-jokoa gustuko duen edonorendako.

Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola-joko Txapelketa (Debagoienean egingo diren jaurtialdiak):

  • Martxoak 2: Aretxabaleta.
  • Martxoak 23: Elgoibar (San Pedro).
  • Martxoak 30: Bergara (San Joxepe).
  • Apirilak 6: Soraluze (San Andres).
  • Apirilak 13: Azkoitia (Floreaga).
  • Apirilak 27: Eibar (Asola Berri).
  • Maiatzak 4: Aretxabaleta.
  • Maiatzak 11: Azpeitia (Garmendipe).
  • Maiatzak 18: Deba (Lastur). Bi txapelketatarako puntuagarria.
  • Maiatzak 25: Elgeta. Azken jaurtialdia eta parrekoak.
  • Ekainak 1: Elgoibar (San Migel). Lehendakari saria, bazkaria eta omenaldia.
  • Irailak 21: Elgoibar (San Migel).
  • Abenduak 15: Leintz Gatzaga.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak