Bolatarako ohitura berreskuratzeko lanean

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 10a, 16:13

Bola-jokorako zaletasuna berreskuratzea helburu duen taldetxo batek deituta makinatxo bat lagun elkartu ziren atzo, zapatu goizean, Aretxabaletako bolatokian. Bergara, Elgeta, Soraluze eta beste hainbat lekutatik etorritako hainbat jokalari aditu eta ariturekin batera, herritarrek ere abilezia probak egin zituzten.

Taldetxo bat dagoeneko sortu dute bola txapelketak antolatzen hasteko, eta zapatuan deialdi berezia egin zuten bolo jaurtiketa batzuk egiteko. Hala elkartu ziren Gipuzkoako federazioko hainbat lagun, Mikel Urkia presidentea, besteak beste, eta Aretxabaletako hainbat jaurtitzaile. Ikusminak jota gerturatu ziren herritarrek ere probatu zuten eta goiz pasa atsegina izan zuten.

Hiru Txirlo Bola Txapelketaren 50 urteurrena

Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Txapelketak 50 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko, hiru txapelketa iragarri ditu federazioak. Aretxabaletan bertan emango diote hasiera txapelketa horietako bati, jaurtiketa berezien txapelketari hain zuzen ere; martxoaren 2an izango da, 17:00etan.

Ondoren, ohiko txapelketaren egitarau barruan ere sartu dute, eta kanporaketa bat jokatuko da Aretxabaletan, maiatzaren 4an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak