2019ko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal gobernuak

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 17a, 18:21

Udal Gobernuak hamar milioi euro pasatxoko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2019rako, agintaldiko handiena, eta inbertsioetara ia 850.000 euro bideratu dituzte; hori eztabaidatzeko eta onartzeko osoko bilkura urtarrilaren 31n egingo dute.

Udal Gobernuak gertu dauka 2019ko aurrekontua, eta proposamena dagoeneko aurkeztu die Udaleko gainerako alderdiei; ondo bidean, urtarrilaren 31n egingo duten osoko bilkuran onartzea da asmoa. 10.015.516 euroko aurrekontua da, agintaldiko handiena, eta, iazkoarekin alderatuta %3,4ko igoera izango du: "Arrazoia da Foru Fondotik datorren kopuruaren igoera; iaz baino 311.000 euro gehiago jasoko dugu eta 2015arekin alderatuta 800.000 euro gehiago", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Pertsonal gastuak bi milioi euroren bueltakoak dira eta %2,25eko igoera aurreikusi dute. Ohiko gastuak bost milioi euro pasakoak dira, eta inbertsioetara ia 850.000 euro bideratu dituzte: "Partida polita da, ilusioa eta lanerako gogoa sortzen duena", dio alkateak.

Inbertsioak kiroldegian

Kirol Sailaren aurrekontuak nabarmen egin duela gora jakinarazi du Mikel Uribetxebarria zinegotziak: %20, iazkoarekin alderatuta. Igoera horren arrazoia da Ibarra kiroldegiko bi inbertsio: fitness gela handitzea (70.000 euro) eta kantxaren lurzoruari babesgarria jartzea (40.000 euro). "Kiroldegiak 1.050.000 euro inguruko aurrekontua du aurten, baina sarrerak ere gora doaz: bazkide gehiago ditu, 3.100 bueltan, eta jarduerak ere gora doaz, 700 lagun. Hortaz, 780.000 euroko sarrerak aurreikusi ditugu, gastuaren %83 estaltzea lortuz. Eta hainbat erabaki ere hartu dira ondorioz; ordutegia luzatu, esaterako", jakinarazi du Uribetxebarriak.

Iturrigorri pilotalekuan ere hainbat hobekuntza lan egingo dituzte (14.000 euro). Era berean, Atxabalta Mugi ekimenaren estalpe den Mugiment proiektua indartu gura dute. Iaz 100 bat erabiltzaile izan zituela eta aurten 150era iritsiko direla dio.

Gizarte zentroa mojetan

Ongizate Saileko zinegotzi Karmele Uribarrik adierazi du II. Berdintasun Planean jasotakoa betez berdintasun aholkularitza kontratatzeko partida zehaztu dutela. "Nobedadea handiena da zeharkakotasuna. Sail bakoitzak bere partida du Berdintasun Plana garatzeko".

Ongizateari dagokionez, hirugarren adinekoendako Gizarte Zentroa aurreikusi dute mojen komentuan, eta proiektu arkitektonikoa egiteko dirua jarri dute aurrekontu proposamenean: "Goiko solairuan etxebizitzak egitea da asmoa, eta, gainerakoan, Basotxoko erretiratuendako eta, orokorrean, adinekoendako kontuak: jangela…". Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako etxebizitzetan, ostera, su detektagailuak jarri gura dituzte (2.000 euro). Eta partida berri bat zehaztu dute esku-hartze programaren baitan 18 urte bete ondoren ere jarraipena egiteko (2.000 euro).

Kulturan ohiko ekitaldiak nobedadeekin

Kultura Sailean, iaz antolatutako ekitaldi gehienei eutsiko diegu: Fun Dantz, kale animazioak, magia emanaldiak… Nobedadea da antzinako ezkontzaren antzezpena; azkenekoz orain dela 30 urte egin zen, eta berreskuratu egingo dugu sanmigeletan", adierazi du Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak.

Bestetik, oso pozik agertu da zinemak eta antzezlanek izandako harrerarekin: "Azken urteko 25 film emanalditara 5.042 heldu joan dira eta haurren emanaldietara, 2.427. Gainera, sei bat aldiz Arkupe beteta egon da antzezlanak ikusteko". Halako ekitaldietarako sarrerak samurrago hartzeko aplikazio bat garatuko dutela jakinarazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak