Kuartelaren etorkizunaren gaineko kezka

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 11a, 17:30

'Otalora 27' izeneko lana egin dute Mondragon Unibertsitateko ikasle batzuek, eta kuartelaren nondik norakoen berri jaso testigantza askotan oinarrituta. Era berean, eraikin horren etorkizunak kezka sortu du gaur egungo erabiltzaileen artean.

Hamabost minutuan kuartelaren historia –eta, era berean, Aretxabaletako historiaren zatitxo bat– jaso dute MUko bost ikaslek Otalora 27 ikus-entzunezkoan. Beñat Abasolo eta Nerea Elorza aretxabaletarrek, Markel Bazanbide eta Lorea Otaduy arrasatearrek eta Magali Plazaola hernaniarrak egindako lana Youtuben dago ikusgai.

Testigantzetan oinarrituta

"Kuartela bota egingo zuten kezka agertu berri zen, eta bertan entseguak egiten dituen Beñat Abasolo taldekideak proposatu zuen gai hori lantzea", jakinarazi du Nerea Elorza ikasleak, eta gaineratu: "Jende asko pasatu da, gainera, eraikin horretatik guardia zibilak joan zirenetik, eta horien testigantzak jaso ditugu". 1989an alde egin zuten handik guardia zibilek, eta ordutik hona hainbat erabilera izan ditu: gaztetxea, haur eskola, musika eskola eta dantza taldearen egoitza, besteak beste. Horien ordezkari diren hamabi lagunen bizipenekin osatu dute ikus-entzunezkoa, baita eraikinean bertan bizi izandako guardia zibil baten alabarenarekin ere. Eskolarako lan bat izan behar zena herritarrei zabaltzea pentsatu zuten gero, interesa izango zuelakoan. "Arkupen eman genuen, urtarril hasieran, eta uste baino askoz jende gehiago gerturatu zen; oso pozik gaude".

Etorkizunaren kezka

Gaur egun, hainbat musika talde, dantza talde eta DJ elkartzen dira kuartelean entseguetarako; horietako bat da Delirium taldeko Abasolo, ikus-entzunezkoa egin duen ikasleetako bat: "50 eta 60 lagun artean elkartzen gara kuartelean, eta horren gaineko erabakiarekin arduratuta gaude: botatzeko asmoa dagoen, noiz arte egongo garen… Azaroan bilera bat egin genuen udal ordezkariekin, eta Gabonen bueltan erakina bisitatzen izan ziren, baina ez dakigu garbi zein den euren asmoa". Kezka hori hainbat lagunek azaldu dute ikusentzunezkoan ere.

Lehentasunen artean ez dagoela Otalorako eraikina adierazi du Unai Elkoro alkateak

Unai Elkoro alkateak jakinarazi du kuartela ez dutela lehentasunen artean: "Ez dugu eraikin horren gaineko inolako proiekturik. Dena den, ez genituzke handik bidaliko beste aukerarik eskaini barik. Egindako bilera hartan esan genien bigarren asmorik ez genuela".

Bertako erabiltzaileen eskaera batzuk kontuan hartuko dituztela ere adierazi du: "Sarraila elektronikoak gura dituzte eta baietza eman diegu. Horrek laguntzen badie kontrol handiagoa izaten, ados gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak