Berdintasunerako Plan berria izango du Udalak

Amaia Zabala 2018ko abe. 21a, 14:00
Aretxabaletako Udalak, herriko talde feministak eta herriko bestelako eragileek elkarlanean, Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako II. Plana sortu dute, Udalaren funtzionamenduan eta ekintzetan berdintasun ikuspegia txertatzeko helburuarekin.
Berdintasunerako I. Planaren indarraldia agortuta, 2017an haren ebaluazio prozesuari hasiera eman zitzaion eta sei hilabetez udal teknikariak eta politikariak, Aretxabaletako feminista taldea, Gu Haziak Gara, Basotxo, Hiruatx, UDA, Kurtzebarri, Musika Eskola eta Aratz elkartea lanean ibili ondoren, amaitu dute Aretxabaletako emakumeen eta gizonen Berdintasunerako II. Plana. Karmele Uribarri Berdintasun zinegotzia lantaldeko partaide izan da, eta, haren esanetan, berrikuntza nabarmenenak "parte-hartze prozesu irekiaren ondorioz landu izana eta zeharlerrokotasuna dira: "Udal sail bakoitzak hainbat helburu eta ekintza ditu planean deskribatzen diren ardatzak gauzatzeko, eta, teknikariekin landu denez, bakoitzak bere eremuan egitekoak ezagutzen ditu".
 
Berdintasunerako II. Planaren behin betiko txostenak 49 orrialde ditu eta lau ardatz nagusitan banatzen da: mainstreaming-a, ahalduntzea, bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna eta, azkenik, indarkeria matxista. Kontuan izan dituzten printzipio gidarien artean, berriz, egokitasuna, praktikotasuna, aniztasuna, konpromisoa eta halako kontzeptuak ageri dira.
 
Behin txostena izanda praktikara eramatea izaten da askotan zailena; hori dela eta, Uribarrik argitu du aholkularitza zerbitzu bat kontratatuko dutela, plana herriarekin koordinatuz aurrera eraman ahal izateko. "Prozesuan suertatutako arazoak, lorpenak, eta abar, berriz, Berdintasun batzordean landuko ditugu", gaineratu du Berdintasun zinegotziak.
 
Uribarrik esan du oso pozik geratu direla egindako lanarekin, "prozesu parte-hartzaile baten emaitza izan delako, helburuak, ekintzak, aurrekontuak eta ebaluatzeko irizpide zehatzak jasotzen dituelako eta baita zeharlerrokotasuna bermatzen duelako ere". Amaitzeko, gaineratu du plana "erabat beharrezkoa zela, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko helmugara heltzeko egin behar den biderako tresna bat delako".

Gauzatzearekin zalantzak

Ion Albizu EH Bilduko zinegotzia ere Berdintasunerako Plana sortzeaz arduratu den lantaldeko kide izan da, eta, haren esanetan, aurrekoarekin alderatuta duen ezberdintasun bakarra da "zehatzagoa" dela. Dena den, Albizuk plana bera baino planaren gauzatzeari eman dio garrantzi handiagoa, eta, horren barruan, bi gauza azpimarratu ditu: "Batetik emakumeen parte hartzea, herriko emakumeak izango baitira politika feminista erabakiko dutenak, eta Udalak horien lagungarri izan behar du. Bestetik, Udal Gobernu honek Berdintasun partida erdira murriztu du; hori eta hauteskunde bezperan gaudela kontuan izanda, mesfidantza ematen digu, ez baitakigu plan hau zein baliabiderekin gauzatu behar den".

Talde feminista

Arrasateko talde feministak ere esku-hartzea izan du Berdintasunerako Planaren sortze prozesuan; zehazki, Lurdes Llodio eta Jasone Gorroño ibili dira horretan. Biak ere gustura gelditu dira emaitzarekin, eta, "adituak ez diren arren", aztertutako puntuekin adostasuna lortzera iritsi direla diote. Aitortu dute, ordea, beraien ustetan, Berdintasunerako Plan hau aurrera eramateko "ezinbestekoa" dela "beharrezko baliabideak jartzea, eta baita dirua ere". Horretaz gain, hori aurrera eramateko teknikari bat izatearen garrantzia azpimarratu dute: "Teknikari hori Udalak kontratatu beharko luke, eta ez enpresa batek, inplikazioa ez baita berdina"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak