Abenduaren 24an herriko neska-mutikoak eta gurasoak txistulariei jarraika jardungo dute kantuan kalerik kale; Basotxo erretiratuen elkartekoak ere batuko dira hitzordura azken urteotan egindako moduan. 10:30ean abiatuko dira Herriko Plazatik, eta kantuan egiteagatik boloa jasoko dute trukean. 12:00ak inguruan izango dira bueltan Herriko Plazan, eta orduan, Olentzero eta Mari Domingi gerturatuko dira umeen gutunak eta muxuak jasotzera. Iluntzean, ostera, Ibarra kiroldegitik plazaraino joango dira gurdian neska-mutiko banak lagun eginda.
Beste pertsonaia batzuk ere izango dute lekua Gabon egunetan. Hilaren 31n (18:30) Bizarzuri gerturatuko da eta kiroldegitik Herriko Plazarainoko kalejira egingo du, zaldi gainean, musika eskolako musikariek lagun eginda. Eta urtarrilaren 5ean (18:30) ekialdetik datozen errege magoak iritsiko dira azken goxokiak banatzeko.
Abesbatzako kideen emanaldiak
Aretxabaleta Abesbatzako kideek datozen bi domekak girotuko dituzte. Abenduaren 23an kantuan egingo dute Mariatxen Urkia eta Mari Karmen Etxeandia sopranoek eta Jokin Bengoa eta Ciriaco Sandoval tenorrek, Jose Luis Franzesena organuan dela. Parrokian izango da, 20:00etan.
Abenduaren 30ean, ostera, abesbatza osoa elkartuko da eta Leizarra musika eskolako haurren abesbatzak ere abestuko du, parrokian (19:30). Gabon kantak izango dira nagusi emanaldi horretan; Aretxabaleta abesbatzak abestuko ditu Ave Maria, Oh Holly Nigth eta Alleluia. Franzesenak Gabon Doñuak joko du organoarekin; musika eskolako umeek Gau erdian eta Belengo herri polita kantatuko dituzte, eta guztiek elkarrekin honako beste hauek: Adeste fideles, Gabon eguna, Stille Nacht, Haurtxo polita eta Hator hator.
Ispirit taldearen gospel doinuak
Doinu goxoek ez dute hutsik egingo egunotan, eta Ispirit taldea gospel kontuekin etorriko da Arkupera hilaren 26an (20:00). Lide Hernandoren, Lidia Insaustiren eta Ainhoa Egigurenen ahotsek IÒaki Miguelen piano doinuekin egingo dute bat, besteak beste, oholtza gainean.
Punta-puntako bertsolariak
Urtea bukatu aurretik, abenduaren 28an (19:00), bertso jaialdia izango da Arkupen. Han elkartuko dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jone Uria eta Unai Agirre. Laurak ere punta-puntako bertsolariak: Lujanbio, Txapelketa Nagusiko azken txapelduna, eta harekin batera finalean izandakoak Mendiluze eta Agirre. Uria, ostera, oraintsu jokatu den Bizkaiko txapelketako finalean izan da. Gaiak jarriko dizkiete Unai Elizasuk. Sarrerak hilaren 26an jarriko dituzte salgai (4 euro) Arkupen.
Antzerkia eta ikus-entzunezkoa
Antzerkiari ere egingo diote lekutxoa. Hilaren 27an, Txalo Produkzioakek eskainiko du Zoaz pake santuan. Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktore entzutetsuak izango dira oholtza gainean. Urtarrilaren 2an, ostera, MUko hainbat ikaslek –Beñat Abasolo, Markel Bazanbide, Nerea Elorza, Lorea Otaduy eta Magali Plazaola– kuartel zaharraren gainean egin duten dokumentala emango dute Arkupen (18:00).
Poesia lanei saria
VIII. Karmele Igartua sorkuntza bekak poesia lanak sarituko ditu aurten; ekitaldia hilaren 29an izango da (12:00). Zazpi lan jaso dituzte, horietatik hiru herrikoak.