Hiri hondakinen kudeaketaren inguruko askotariko iritziak gaur Aretxabaletan

Amaia Zabala 2018ko urr. 27a, 16:05

GuraSOS Elkarteak bultzatzen duen Hitzartu egitasmoaren barruan Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan herritarra gauzatzen ari dira eta gaur goizean Debagoieneko eta Debabarreneko herri epaimahaiaren deliberamendu saioa egin dute Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen fakultatean.

Gipuzkoa osoan herritarrek osatutako bi epaimahai egin dituzte, lehena Donostialdean, Tabakaleran, egin zuten urriaren 20ean eta bigarrena gaur goizean Aretxabaletan. Joseba Belaustegi GuraSOS elkarteko kideak jakinarazi du eskualde hauek hartu zituztela  alde batetik errauskailuaren kokalekutik, Zubietatik, urrun dagoelako eta bestetik bere izaera kooperatibistagatik eta gizarteko gai ezberdinen aurrean adostasunetara iristeko erakutsi duten gaitasunagatik, hondakinen kudeaketaren kasuan esaterako.

Aukeraketan aditua den enpresa batek hautatutako hogeita hamar herritarrek osatu dute epaimahaia, adin, perfil eta iritzi ezberdinetakoak eta gaurko parte hartze tailerrera joateagatik sarituak izan dira, hauteskundeetako mahaikideak bezala. Joseba Belaustegi GuraSOS eko kideak esan du erraustegiaren aldeko eta kontrako iritziak dituzten herritarrak batu, eztabaidatu eta ondorioetara iristeko aukera bakarra dela.

Topaketak 10:00etatik 14:00ak bitarte izan dira. Lehen orduan epaimahai kideei harrera egin eta Hitzartu egitasmoaren inguruko azalpenak eman zaikie eta ondoren bost laguneko sei taldetan banatu dituzte. Hondakinen kudeaketaren inguruko aukera, proiektu eta egoera ezberdinak planteatu zaizkie eta talde bakoitzean horiek eztabaidatu behar izan dituzte, ondoren adostasun batera iristeko. Amaieran, talde bakoitzeko ordezkariek ateratako ondorio eta konklusioak aurkeztu dituzte epaimahaikide guztien aurrean.

Hondakinen kudeaketa plana

Gaur Aretxabaletan eginiko eta aurreko astean Donostian eginiko jardunaldietan herritarrek ateratako konklusio eta ondorioekin txosten bat egingo dute eta Gipuzkoako Hondakinen kudeaketa plan alternatiboa idazten ari diren tekniko eta ingeniariek kontuan hartua izango da. Behin plan osoa amaituta izatean, abendu amaiera aldera, herritarren epaimahaia osatu duten hirurogei lagunei aurkeztuko zaie beraien irizpideekin bat datorrela ziurtatzeko eta ziurtapen hori izatean behin betiko plana publikatu eta Gipuzkoako Foru Aldundi eta Batzar Nagusiei aurkeztuko zaie. “Herritarren parte hartze sistema hau Ernesto Ganuza, Giza Ikerketa Aurreratuen Institutuko kideak gomendatu zigun eta nazioarte mailan erakunde eta enpresa  askok erabili dute” dio Belaustegik.   

Hitzartu egitasmoa gauzatzeko GuraSOS elkarteak 80.000 euro behar  ditu eta momentuz 22798,45 euro lortu ditu crowdfunding bidez. Belaustegik dio ez dutela erakunde publikoen laguntzarik nahi, proiektu independente eta autonomoa izan behar duelako eta horretarako herritarrek sortua eta ordaindua izan behar duela. Gaur 17:00etan Zubietako erraustegiaren proiektuaren aurkako manifestazioa dute Donostian, GuraSOSek eta beste hainbat eragilek deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak