Errastik etxean estreinatu du Lur, Aretxabaletako Arkupen, eta bi emanaldietan sarrera guztiak agortu dira; 198 lagun pasatu dira, beraz. Kepa Errastik idatzitako eta Getari Etxegaraik zuzendutako antzezlanak erantzun ezin hobea izan du Aretxabaletan ere. Errastik familian etortzea gomendatzen du bereziki: "Barre egiteaz gain, hausnarketa eragiten duela esango nuke. Gero umeak gurasoekin berba egin dezala etxean obran gertatzen diren kontuez".
Umorea, irudimena eta mezua
Izan ere, umorea eta irudimena ezinbesteko osagaiak dira Lur-en baina harago joanda, oso modu naturalean helarazten du transexualitatearen eta norbera den moduan onartzearen gaia. Bere potota edo alua maite duen mutila da Ane [Erika Olaizola], eta hasieratik hala aurkezten du bere burua; Aneren aita Jonek [Kepa Errasti] du hori horrela dela onartzeko arazoa. Aitona Julianek [Mikel Laskurain] eta hilda dagoen –baina Anerekin komunikatu ahal den– ama Itsasok [Nerea Gorriti] Ane den modukoa maite dute eta saiatuko dira aita konbentzitzen.
Hurrengo emanaldiak
Aurten beste bi aukera egongo dira Lur antzezlana ikusteko: azaroaren 1ean Azpeitian eta abenduaren 26an Donostian.