Kultura Sailak antolatutako Antzerki Hilabeteak Kepa Errasti aktore eta antzezlan idazlea dakar etxera. Maiatz hasieran Xake Produkzioek estreinatutako Lur lanarekin dator, oraingoan, Arkupera. Domekan, hilaren 14an, eskainiko dute eta bi emanaldi izango dira: 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai dituzte Arkupeko harreran bertan, 3 eurotan.
Helduek umeekin ikusteko lana
Julianek 6 urte beteko dituen Ane bilobari opari berezia egin gura dio; bidaia zirraragarri bat hasiko dute orduan. Abentura irudimentsua dirudien arren, bidaiak Aneren eta Jon aitaren arteko harremana bideratzen lagunduko du. Izan ere, umearen aita Jonek onarpen arazo bat du, Ane mutila delako. "Guk esan gura izaten dugu ume transexual bat protagonista duen istorioa dela; eta hori baino harantzago joanda esango nuke onarpenaren garrantziaren gaineko lana dela. Onarpen hori esparru askotara zabal daiteke; kontua da ingurukoek onartua izatea oso garrantzitsua dela, heldu, gazte edo ume izan", jakinarazi du Kepa Errastik.
Lanak bi plano dituela dio: "Irudimenarekin egindako bidaia da umearen unibertsoa, eta bidaia horretatik irteterakoan helduek paper garrantzitsuagoa hartzen dute; emozio asko azaleratuko dira orduan". Haurrendako antzezlana iruditu arren publiko zabalarendako dela argitu du: "Oso ondo uztartzen dira bi ikusle taldeak, umeak zein helduak", dio eta gaineratu du: "Gainera, gurasoak semealabekin gonbidatuko nituzke,umeek galderak izan ditzaketelako bukaeran. Eta, beharbada, gurasoek ere bai; baliteke askori zer pentsatua eragitea hainbat kontuk".
Gaur, Hozkailua lana
Artedrama konpainiarendako Unai Iturriagak idatzitako eta Manex Fuchek zuzendutako Hozkailua lana eskainiko dute gaur, urriak 11, Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktore ezagunek. Hozkailu baten barruan Londrestik lagunaren hilotza dakarren bikotearen gorabeherak izango dira ikusgai –12 urtetik gorakoendako gomendatua– Arkupeko oholtza gainean, 22:00etan. Sarrera 4 euro da.