Lehen ikastolari esker onez

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 5a, 13:10

Loramendi Ikastola sortu zela 50 urte bete dira aurten. Eta hori gogoan, ospakizun xume baina goxoa gertatu dute, biharko, urriak 6, lehen bi promozioetako ikasleek. Sasoi hartan, Aretxabaletan, euskal hezkuntzaren alde lan egin zutenak eskertu gura dituzte.

Loramendi Ikastolak 50 urte beteko lituzkeela izango dute gogoan askok bihar, urriak 6. Ilusio handiarekin gertatutako ospakizun ekitaldi xumea egingo dute; izan ere, ikasleak, irakasleak, gurasoak eta sasoi hartan ikastolaren lehen oinarriak lantzen jardun zuten guztiak elkartu gura dituzte; besteak beste, lau irakasleak: Matilde Sainz, Kristina Gomez, Edurne Gallastegi eta, Arantxa Iza zenaren izenean, haren ahizpa Ixabel. 

Herriko Plazan elkartuko dira, 12:30 bueltan, eta Arkupe kultur etxera joko dute, ikastolaren ibilbidea jaso duen ikus-entzunezkoa ikustera. Ondoren, udaletxe zaharrean jarraituko du ospakizunak, eta ezustekoz beteta datorrela jakinarazi dute antolatzaileek.

Gurasoak babes bila

Ikastolaren sustatzaileetako batek, Jabier San Migelek, gogoan du orain dela 50 urte baino lehenago hasi zirela lehenengo mugimenduak Euskal Herrian: "Urtebete lehenago, Arrasateko ikastola jarri zen abian. Eta gure herriko gurasoen aldetik bazegoen halako ardura bat; hala, talde bat sortu zen eta, denborarik galdu gabe, aurrera egiteko gogoa agertu zuen". Halaxe, babes juridiko ofizial baten bila hasi ziren, eta Elizarengana jo zuten; Escuela Parroquial La Asuncion izan zen ikastolaren lehenengo izena: "Don Angel Garmendia parrokoak gogo onez eman zion babesa", dio San Migelek.

Abian jartzeko, irakasle ofizial baten beharra ere bazegoen: "Irakasle lanik ez egin arren Dolores Arregi arrasatearrak bazuela titulua eta harengana jo genuen. Eta hark eman zigun".

Lekuari dagokionez, ostera, Durana kalean kokatutako udaletxe zaharraren egoitza utzi zion Udalak. Urte gutxi batzuk egin zituzten han ikasleek; izan ere, laster geratu zen txiki. "Egoitza handiagoa behar zen, eta Costrucciones Elorzak Nafarroa kalean zuen lokal bat eman zigun baldintza ezin hobeekin", dio San Migelek. Erosteko, baina, dirua behar zuten; baita asmatu ere norengana jo: Juan Arregi enpresa-gizon aretxabaletarrarengana: "Hari eskatu eta handik egun gutxi batzuetara dokumentua gertu zeukan guk sinatzeko. Milioi erdi pezeta eman zizkigun". Arregirekin batera Juan Antonio Garmendia botikaria ere gogoan dute ikastolaren sustatzaileek, eskertu ezinezko laguntza eskaini zuelako.

Lokal berriaren erosketaren ondoren, kooperatiba bihurtu zen ikastola, 1973an, eta izen eta titularitate aldaketak ere etorri ziren; aurrerantzean Loramendi Ikastola izango zen eskolaren izena eta jabe berria Loramendi Gurasoen Kooperatiba.

Pedagogia berriak ikasten

Gasteizen irakasle-eskolan zegoela deitu zioten Matilde Sainz arrasatearrari hainbat gurasok: "Ikasketak bukatzerakoan urtebeteko trebakuntza eskaini zidaten Donostian, andereñoen erresidentzia batean. Besteak beste, euskal kultura eta pedagogia berriak ikasten egon nintzen, praktikak eginez", dio Sainzek. Urtebete egin zuen udaletxe zaharrean irakasle, eta gero, Nafarroa kaleko lokalera joan zen neska-mutikoekin batera. "Hasiera hura esperientzia bitala izan zen niretzako, ez bakarrik irakasle moduan, baita pertsona moduan ere", dio, eta gaineratu du: "Gurasoek eskura jarri ziguten gura izan genuen guztia; Bordelera joan ginen, esaterako, Freinet pedagogia ezagutzera. Hori ekarri genuen hona, material berritzaileak behar genituelako". Hiru urte egin zituen Loramendi Ikastolan: "Edurne Gallastegi eta biok umeekin Almenera joan ginen gero. Gure umeek ez zuten eskola txartelik, ikastola legeztatu barik zegoelako, eta Almenek txartela eman zigun nagusiendako. Eta orduan, Almen ere euskalduntzen hasi zen". 

Oroitzapen asko

Ikastolaren lehen promozioan hiru adinetako umeak elkartu ziren: 1963 eta 1965 bitartean jaiotakoak, hain zuzen. Horien artean zegoen Martxi Perez: "Gogoan dut Ana Mari Errotabarrikoarekin oinez etortzen ginela neska-mutikook. Umeak eraman eta ekarri, egunero lau kilometro egiten zituela dio hark. Baina oroitzapenak baino gehiago, sentsazioak ditut, oso sentsazio onak". Nuria Fernandez de Arroiabe, ostera, 1966an jaiotakoa izanik, urtebete geroago hasi zen eta hango kontu asko ditu gogoan: "Udaletxe zaharreko atartean jolasean jarduten genuen. Ekintza asko eta asko egiten genituen: ogia egin, hostoak jaso, kantuak ikasi, suge bat ekarri gelara eta tripak atera…". 

Azken hilabeteotan, orduko argazki asko jaso dituzte, eta haiei begira milaka kontu, istorio eta pasarte darabilte esku artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak