Beste urte batez, gogotsu prestatu dute Aretxabaleta Abesbatzako kantariek herriko jaiei amaiera emateko ekitaldi bihurtu den kontzertua. Azken asteetan entsegutan murgilduta egon dira hilaren 30ean 19:00etan, Iturrigorri frontoian ordu eta laurden inguruko zuzenekoa eskaintzeko.
Habanera doinu goxoak
Inportantzia nabarmena izango dute habanerek aurtengo kontzertuan. Hauxe esan du abesbatzako zuzendari Angel Barandiaranek: "Urtero hartzen dugu gai bereziren bat; Mexikoko kantuak, Benito Lertxundirenak, zarzueletakoak... askotariko emanaldiak egin izan ditugu San Migel jaietako kontzertuetan. Aurten. habanerek hartuko dute garrantzia, bospasei egingo ditugu. Boleroren batzuk entzuqteko aukera ere izango dute bertaratutakoek". Errepertorioa ilusioz prestatu dute abesbatzako kideek, aspaldikoak eta aski ezagunak diren kantuak abestuko dituzte eta. Hauek dira entseatu dituzten abestiak: La paloma, Blancas como palomas, Salí de Jamaica, Yo te diré edota La bella Lola habanerak kantatuko dituzte lehenengo. Gero, bolero estiloko kantu hauen txanda izango da: En mi viejo San Juan, Alfonsina y el mar eta El reloj. Horiez gain, Mocedades taldearen Eres tú ezaguna eta Nino Bravoren Un beso y una flor kantua ere abestuko dituzte.
Musikariekin eta dantzariekin
Aurreko urteetan bezala, agertokian ez dira Aretxabaleta Abesbatzako lagunak bakarrik egongo. Hiru musikarik zuzenean joko dituzte pianoa, perkusioa eta akordeoia. Horiek jotzen izango dira, hain justu ere, Jose Luis Franzesena, Unai Franzesena eta Araceli Telletxea musikariak, hurrenez hurren. Dantzari dagokionez, iaz tangoa dantzatzen izan zen bikotea izango da aurten ere oholtzan dantzan. Loramendi taldeko dantzari talde batek ere hartuko du parte. Eta baita herriko Jaiki dantza elkarteko dantzariek ere. Guztien artean ikuskizun borobila eta "ikusgarria" eskaintzeko asmoz daudela iragarri du abesbatzako zuzendari Barandiaranek.
Hurrengo geltokia, Madril
Udan, Pasai Donibanen eta Loiolan eskaini dituzte kontzertuak Aretxabaleta Abesbatzakoek; San Juan jaien inguruan izan ziren Pasai Donibanen eta Loiolan, berriz, San Inazio inguruan. Pilarikako zubian, berriz, Madrilera joango dira, nahiz eta dagoeneko beste pare bat aldiz ere izan diren bertan zuzenekoak eskaintzen.