Sanmigeletako azoka, bertako produktuz betea

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 26a, 16:31

Iaz, Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren Azokan.

Irailaren 29an, San Migel egunean, Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azoka egingo da. Urtero moduan, Durana kalean jarriko dira postuak, eta 10:00etatik 14:00etara bitartean bertako produktuak ikusi, erosi eta probatzeko aukera izango da. Horrez gain, bertako Ganaduaren V. Feria Arlutzeko kantxan egingo da, eta animalia guztiak herriko baserritarrek eroandakoak izango dira.

Produktu ekologikoz betetako postuak ez dira faltako San Migel jaietako azokan. Ekoizleak eurak egongo dira postuetan, eta kontsumitzaileek informazio zuzena jasotzeko aukera izango dute. Honela adierazi du Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko Gipuzkoako elkarteko Adrian Sanchez koordinatzaileak: "Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzea da gure helburua, eta, honekin batera, ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean informazio zuzena egotea, haien arteko harremana sendotzeko asmoz. Hori horrela, Aretxabaletan denetarik izango da ikusgai, eta, guztira, hogei postu izango dira; ekoizleen produktu ezberdinekin, ikastetxeek jartzen dituztenekin eta Biolurreko informazio-gunearekin barne".

Bertako produktu ekologikoak

Euskal Herriko toki ezberdinetako ekoizleak batuko dira azokan, gipuzkoarrak gehienak. Debagoienera etorrita, Bergara, Arrasate eta Gatzagako ekoizleak izango dira, eta, nola ez, Aretxabaletakoek ere ez dute hutsik egingo: Mendibitzuko gazta izango da, eta baita Mariaje Revueltaren eta Kurtzebarri eskolakoen barazkiak. Horrez gain, baratxuriak, eztia, ardi eta ahuntz gazta, ogia, marmelada, haragia, gatza… askotariko produktuekin disfrutatu ahal izango dute azokara doazenek. Horrez gain, jatekoak ez diren beste produktu ekologiko batzuk ere izango dira bertan: arropa ekologikoa izango da. Kotoi organikoarekin egindakoa, artilez egindakoa, tinta ekoizleak berak egiten duena… Bestalde, basalandareekin egindako bixigarriak ere izango dira: krema eta xaboiak.

Ikastetxeetakoen postuak

Ikastetxeetako haurrek ere jarriko dituzte postuak, urtero moduan. Kurtzebarri Eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoek mota askotariko ortuko barazki ekologikoak eramango dituzte: piperrak, letxugak, kalabazinak, kalabazak, patatak… eta marmelada ere izango dute salgai. Almen Ikastolako lehen mailatik laugarren mailara arteko haurrek, berriz, hostore-lazotxoak, krispetak eta sagar-dultzea izango dituzte salgai.

Artisautza nagusi azokan

Produktu ekologikoak eroango dituzten ekoizleez gain, artisauak ere izango dira azokan. Guztira, 35 artisau-postu izango dira aurtengo azokan. Euskal Herri osoko artisauak eta bertakoak elkartuko dira, eta produktu hauek ikusi eta erosteko aukera izango da: artilea, bitxiak, xaboia, euskal pastelak, kremak, zilarra, umeentzako arropak, alpargatak, egurra, kandelak… Hala, aurtengo berritasuna hainbat materialekin eguzki-loreak egiten dituen artisaua izango da.

Talo goxoak Pagaldai tabernan

Azokan, ohikoa da postuak ikusteaz batera talo bat jatea, eta aurtengo edizioan ere aukera izango da horretarako. Izan ere, Loramendi elkarteko Tril emakume taldeak antolatuta, talo-txosna jarriko dute zapatuan Pagaldai tabernan. 10:30ean hasiko dira taloak egiten, eta 14:00ak arte bertan izango dira. Masa freskoarekin egingo dituzte taloak; talo-jotzean, berriz, hainbat lagun batuko dira aurten ere, eta txistor eta hirugihar erre usain bikainak azokara doazenak gerturatuko ditu bertaraino, beti bezala.

 

Horrez gain, Pagaldi taberna aurrean, 10:30ean, Loramendi elkarteko Iristu gazte taldekoek tonbola irekiko dute, eta txartelak saltzen arituko dira goizean.

Bertako Ganaduaren V. Feria, Arlutzeko kantxan

Baserritarrek askotariko animaliak eramango dituzte, herritarrek ikusi ditzaten. Zaloña Aurreko baserriko Luis Mari Alberdik urtero eramaten ditu animaliak, eta aurten ere ez du hutsik egingo: "Guk pottokak, behiak, ahuntzak eta oiloak eramango ditugu. Etxezuri baserrikoek, berriz, ardiak eramango dituzte eta Arientzako Etxeberri baserrikoek astoa ere eramango dute, seguruenik. Asmoa da bertako animaliak kalera atera eta herritarrek hauek ikustera gerturatzea. Normalean, arrakasta izaten du, eta, eguraldia lagun badugu, gerturatuko da jendea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak