Abuztuaren erdian eta aretxabaletar asko oporretan zirela- ospatutako Andramaixek harrera beroa izan zuten beste behin, herritarren aldetik. Udaleko Kultura Saileko kideak zein alkatea pozik dira balorazioa egiterakoan: "Zerbait nabarmentzekotan aipatuko genituzke kontzertuak jendetsuak izan direla. Sokamuturra ere oso arrakastatsua izan da eta haurrentzako bigantxek harrera ona izan dute. Eta nola ez, hirugarren eguneko bazkaria aipatu behar, eguraldiak lagundu ez arren plaza lepo bete zen beste urte batez".
Horrekin batera nerabeen parte-hartzea nabarmendu gura dute: "Abuztuan badakigu jendea oporretan izaten dela; hala ere, gazte ugari ibili dira herrian festetan, hortaz, etorkizuna bermatuta dago".
Gaineratu dute nabarmentzeko arazorik ez dela izan: "Kexak ohikoak, bereziki zaratak direla eta, baina iaz baino gutxiago".
Txosna-gunean aparteko giroa
Gazte Mugimenduko kideak ere pozik dira txosna-gunean izandako parte-hartzeagatik: "Beste urte batez gazteon ilusio eta antolakuntzari esker txosna-gune berezi eta indartsua sortzea lortu dugu. Herritarron parte hartzea izugarria izan da: lanean, oholtza gainean, zein ekintzekin gozatzen. Horri esker, txosna-gunea herritarron elkargune berezi bat izatea lortu da eta lanerako ilusioz eta indarrez jarraitzen dugu".