Hondakinen sailkatze datuak, zeresanen iturri

Mirari Altube Arrese 2018ko eka. 29a, 18:00

Debagoieneko Mankomunitateak jasotako otsaileko datuak dio Aretxabaletak %74,90 batu zuela gaika. EH Bilduk adi egoteko dei egin du, kopuruak behera egin duelako; Unai Elkoro alkateak, ostera, ez du uste kezkatzeko arrazoirik dagoenik.

Hondakin bilketaren gainean Debagoieneko Mankomunitateak emandako azken datuekin kezkatuta agertu da EH Bildu. Datuok otsailekoak dira, eta Aretxabaletan gaikako bilketa tasa hiri hondakin osoarekiko %74,90 dela dio, eskualdeko baxuena. "Adi egon behar dela uste dugu, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu", dio Ion Albizuk, eta gaineratu du: "Udal Gobernuak ez du gauza handirik egin, kontsulta eginda bukatu da gaiarekiko zuten ekarpena".

Gutxiago sailkatu ez

Unai Elkoro alkateak zera argitu gura izan du: "Eskualdeko datua %79,47 izan da otsailean. Datu hori da zehatzena, hondakinak deskargatzean pisatzen da eta. Herrietakoak tarteko pisaketak dira, eta, kasuren batzuetan, tentuz hartzeko modukoak".

Alkatearen esanetan, Mankomunitateak emandako otsaileko datuak frakzioz frakzio aztertuz gero ikusten da Mankomunitatearen batez bestekoaren azpitik hiru frakziotan dagoela Aretxabaleta: organikoa (kilo bat), papera (1,68 kilo) eta beira (1,5 kilo). Errefusari dagokionez, ostera, batez bestetik gora dago (0,32 kilo). "Nabarmena da ez dugula gutxiago sailkatzen; hala balitz, errefusa askoz handiagoa litzateke. Beraz, gutxiago sortu izanak datu kaskarragoa eman dezake", argitu gura izan du, eta gaineratu: "%80,47 eman duen Oñatirekin alderatuz, biztanleko 0,74 kilo errefus gehiago sortu dugu, baina, orotara, ia 4 kilo hondakin gutxiago".

Hori horrela, ez du uste kezkatzeko arrazoirik dagoenik: "Ez dut uste datua kezkagarria denik; eboluzioa aztertzen ari gara, eta nabarmena da hondakin kopurua goraka doala. Mankomunitatetik etengabe gabiltza datuak aztertzen, desbideraketa nabarmenak baleude esku-hartzeko", eta gaineratu du: "Hala ere, maiatzean %79ko sailkatze tasa izan dugu".

Adi egoteko deia

EH Bilduren esanetan, tasak asko hobetu badira ere 2013tik hona, oraindik badago non hobetu: "Errefusaren karakterizazioa eginez gero, Elgetan bezala, argi dago oraindik 23 kilo organiko gehiago batu behar ditugula pertsonako eta urteko. Segitu behar dugu papera eta beira ondo sailkatzen. Ontzi arinek, ostera, beste hausnarketa bat behar dute", dio Albizuk, eta adi egoteko dei egin du: "Hondakinen gaineko kontsulta adostu genuenean, gutxieneko batzuk jarri genituen, eta neurri zuzentzaile batzuk. Ez du esan gura hilabete bategatik neurriak hartzen hasi behar dugunik, baina bai adi egon; eta hori bada joera, orduan bai". 

Era berean, informazioa emateko eskaera egin dio Udal Gobernuari, informazioa udal ordezkariei zein herritarrei.

Datuak

Aretxabaletari eta Debagoienari dagozkion datuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak