goiena.eus

Kurtzebarri eskolak behin betiko irtenbidea behar duela dio EH Bilduk

  Gizartea  Aretxabaleta HEMEN DEBAGOIENA

Herriaren erdian dagoen ikastetxearendako "erabaki estrategikoa" hartzeko unea iritsi dela uste dute EH Bilduko zinegotziek: oraingo kokapena errespetatu eta beharrezko dituen konponketak egin, edo lekuz aldatu eta berria eraiki. "Herri erabakia" izan beharko litzatekeela diote.

Aretxabaletako plangintza orokor baten beharra behin baino gehiagotan agertu dute EH Bildukoek agintaldian zehar: "Bere momentuan, proposamen bat egin genion Udal Gobernuari, lanak egiteko herriko mapa ezberdinen inguruan eztabaidatzeko eta erabakitzeko; bereziki, hezkuntzari dagokion mapa", diote, baina "bide horretan ezer gauzatu ez denez", Kurtzebarri eskolaren gainean jarri dute begirada, "inflexio puntu batean" dagoela iritzita. Horretarako, hainbat arrazoi eman dituzte: "Eraikina zaharkitua dago eta berrikuntzak behar ditu; zentrotik badago eskola proiektua hobetzeko bultzada bat; eta bestetik, berriro agertu da eskola bertan geratu edo beste kokapen batera eraman behar den ideia", argitu du Ion Albizu zinegotziak.

Hori horrela, "erabaki estrategiko bat" behar duela uste du EH Bilduk, horretarako epe bat zabalduta ikerketarako, eztabaidarako eta behar diren kontsultak egiteko. "Hori guztia eskolako komunitate osoarekin batera, behin betiko erabakia izateko". 

Inbertsioak "ezinbestekoak"

EH Bilduko kideen proposamena da epe bat zehaztea eraikinaren gaineko ikerketa teknikoa egiteko –behar izanez gero, kanpoko aholkularitza bat hartuta–, Aretxabaletak dituen aukerak aztertuta: kokapen aukerak, batetik, eta bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak, bestetik. "Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea ezinbestekoa litzateke, haien prestutasuna ezagutzeko; Hezkuntza Departamentuaren inplikazio barik, aukerak asko murrizten direlako", diote EH Bildukoek.

Behin azterketak eginda, erabakia hartzeko unea etorriko litzateke. "Herri erabakia izan beharko litzateke; hau da, eskolako komunitate osoak, Udalak eta Hezkuntza Departamentuak hartutakoa", dio Albizuk. Bi aukerak "zintzoki hausnartzea" eskatzen dute, eta erabakia "kontsentsuz hartzea". Beste kokapen bat posible balitz, betiere, "gutxieneko bideragarritasuna bermatuta", aldekoak eta kontrakoak ondo aztertuko lituzkete. Dagoen lekuan geratzea erabakiz gero, ostera, hamar urteko inbertsio plana garatzea proposatu dute.

"Hartutako erabakiak hezkuntza komunitate osoari lasaitasuna emango liokeela uste dugu, konpartitua eta behin betikoa izango litzatekeelako". Eta gaineratu dute erabakia edozein izanda ere, inbertsioak eskatuko dituela: "Udalak zein Hezkuntza Departamentuak konpromiso batzuk hartu beharko dituzte".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa