Liburutegiarendako mugarri izan da Arkupe

Mirari Altube Arrese 2018ko eka. 8a, 15:11

Arkupe kultura etxeak hamar urte bete ditu ekainean, eta bertan dagoen liburutegiko kideek herritarrekin batera izan gure dute gogoan data; horregatik, poltsak oparitzen dabiltza erabiltzaileei, lehiaketa bat antolatu dute eta erakusketa txiki bat ere bai.

Hamar urte egin ditu Udal Liburutegiak Arkupen. 2008ko ekainean, kultura etxea zabaltzearekin batera lekualdatu zen udaletxeko lorategian dagoen eraikinetik hara, eta ordutik aldaketa asko izan dira, bereziki erabiltzaile eta dokumentu kopuruari dagokienez. Hamar urte bada zerbait, eta, era xumean bada ere, herritarrekin batera ospatzen dabiltza.

Gunetan banatutako egoitza

Arkupera lekualdatzeak sekulako aldaketa ekarri zuen. Izan ere, metro koadro gehiago izateak (400 guztira) hainbat gunetan banatzeko aukera eman zien. Hala, hiru gune bereizi daude: txikien txokoa (0-5 urte, beti heldu batek lagun eginda), haurrena (6-14 urte) eta helduena. Azken horretan gero, hainbat txoko daude: hemerotekarena, ikus-entzunezkoena eta kontsulta liburuena. Ordenagailuei dagokienez, helduen gunean zortzi daude eta haurrenean, lau. Joseba Lopez de Armentia liburuzaina da urte gehien daramatzana liburutegian, laster hogei egingo ditu. Arkupera lekualdatzerakoan Izaskun Leibar arrasatearra sartu zen, eta ondoren, orain dela zortzi urte, Nerea Altuna hartu zuten; azken bi horiek egun erdiko lan jarduna dute. Horiei esker, zapatu goizetan ere zabalik izaten da (ekainetik urrira bitartean izan ezik) eta bakarrik abuztuan ixten dute astebetez.

Lopez de Armentiak inork baino hobeto daki lekualdaketak ekarritako onurak. Izan ere, egoitza handiak eta erosoak eragina izan du erabiltzaile kopuruaren gorakadan: "Erabilerak izugarri egin du gora, hirukoiztu egin dela esango nuke, bazkideak bikoiztu eta dokumentu kopurua ere nabarmen hazi da; lehen 12.000 inguru izango genituen, eta orain, 23.000 bat, liburu, disko, DVD eta beste hainbat material kontuan hartuta". Onartu du gainera, sarri egoten dela beteta: "Egia esan, etorri orduko geratu zen txiki haurrendako liburuen gunea, eta azterketa sasoian leku barik egon izan gara". 

Aparteko ekitaldiekin osatzen dute eskaintza, besteak beste, irakurketa gidak hautatzeko lehiaketak eta ipuin kontalarien saioak antolatzen dituzte: "Txiki txokoan, ia hilero egiten ditugu halakoak, eta jende asko pilatu izan da".

Oparitxoak urteurrena gogoan

Liburutegiaren ibilbidea, eta herriarena, erakusteko argazki zaharrekin osatutako erakusketa txiki bat jarri dute, Argazki Artxiboaren laguntzarekin. Eta lehiaketa antolatu dute; galderak asmatzen dituenari saria emango diote uztailean. Opariak banatzen ere badabiltza: "Maileguan libururen bat hartzen duenak Irudimenarekin hegan leloa duen poltsa jasoko du", dio Izaskun Leibarrek, eta Nerea Altunak gaineratu du: "Jakin, Bularretik mintzora zazpi maleta ditugula, eta maileguan hartzeko daude ekainetik urrira artean. Maleta batzuetako liburuak liburuzainok aukeratzen ditugu, baina beste batzuk libreak dira eta erabiltzaileek hautatutako zazpi liburu sar daitezke. Gainera, hilabete osoz izan dezakete etxean".

58 irakurle ditu egunean

Aretxabaletako liburutegiak 58 irakurle ditu egunean izenburuarekin, herriko lehenengo liburutegiaren irekiera jasota dago dokumentu batean; hona hemen dioena: "1965eko apirilaren 20an zabaldu zen Udal Liburutegia bi urteko lanen ostean. Irakurleen Zerbitzu Nazionalak 1.505 liburu eman zituen, eta Diputazioaren diru laguntzarekin eta gure Udalaren ahaleginarekin alondegi zaharra irakurtzeko areto txukunean eraldatu zen. Liburutegia egunero dago zabalik zazpietatik bederatzietara bitartean, eta gura den liburua askatasun osoarekin aukera daiteke, baita aldiro jasotzen diren hamaika aldizkari grafikoak ere. Etxera ere eroan daiteke liburua hamabost egunez; horretarako betebehar bakarra da liburuen maileguen erregistroan izena emanda egotea hilero bost pezeta ordainduta". 

Beste hiru egoitza

Liburutegiak beste hiru egoitza izan ditu Arkupera iritsi aurretik. Hainbat dokumentutan jasota agertzen den legez, Durana kalean, gaur egun Murrukixo mendizale elkartearen lokala dagoen atartean, zabaldu zituen ateak orain dela 53 urte. Handik Otalora jauregira lekualdatu zuten, lehenengo solairura, eta hainbat urte egin zituen han.

Hirugarren egoitza izan zen udaletxeko lorategian dagoen eraikina. "Udal zerbitzuak Otazua etxera (Arratabe) eroan zituztenean liburutegia ere hari dagokion eraikinean kokatu zuten", adierazi du liburuzain lanetan bertan hasi zen eta ia hamar urte egin zituen Lopez de Armentiak. Bi solairu zituen hark (150 metro koadro): goikoan helduendako liburutegia zegoen (14 urtetik aurrera) eta kontsulta liburuak; behekoan, haur liburutegia, literaturako liburuak, hemeroteka eta azken urteetan ordenagailu bat ere bai. Gaur egun Gizarte Zerbitzuak daude eraikin horretan.

"Eskatutako zerbitzuak eskaini ahal izatea da gure erronketako bat"

Joseba Lopez de Armentiak hogei urte beteko ditu laster liburuzain lanean. Inazio aita ere herriko liburuzaina izan zen urte askoan, eta haren lekua hartu zuen Josebak.

Zenbat egoitza ezagutu dituzu zuk?

Udaletxe alboko eraikinean hasi nintzen lanean, baina beste biak ere ezagutu nituen, nahiz eta askorik ez erabili.

Zein oroitzapen duzu udaletxe alboko eraikin hartako garaiaz?

Bi solairu zituen, baina metro koadro gutxi. Beheko solairuko zarata asko entzuten zen goian, eta alderantziz ere bai. Ikasteko lekua bazegoen, baina isiltasuna oso gutxitan. Apaletan ez zegoen tokirik eta beti liburuak xahutzen ibili behar nuen berriak sartzeko. Han ere konponketa batzuk egin behar izan genituen, lokala bera ez zelako batere praktikoa: apal egokirik ez, argi eskasak, lurzorua ustelduta…

Arkupek aldaketa handia ekarri zuen orduan…

Izugarrizkoa. Lokal erabat berria, leku askoz handiagoa, eta helduen eta haurren guneak bereizteko aukera izan genuen. Aurreko egoitzan nahastuta zegoen guztia, eta, esandako moduan, nahiko kaotikoa zen.

Horren eraginez egin du gora erabilera kopuruak?

Bai, bai. Une batzuetan txiki geratzen hasi zaigula ere esango nuke; bereziki, haurren gunea. Helduen artean zein da ohiko erabiltzailea? Batez ere, emakumeak, eta erretiratuak asko, denbora luzeagoa dute-eta irakurtzeko; haiek eleberriak hartzen dituzte gehien.

Liburu elektronikoaren eragina igarri duzue?

Bai; helduen kasuan, lehen zetorren hainbat ez datoz orain. Noiz edo noiz etortzen dira kontu zehatzen baten bila, baina, bestela, oso gutxi.

Zein erronka du aurrera begira liburutegiak?

Betiko legez, erabiltzaileak ekartzea, eta eskatzen dituzten zerbitzuak eskaini ahal izatea. Lanik garrantzitsuenetakoa irakurzaletasuna bultzatzea da, eta, horretarako, liburutegietan, orokorrean, gero eta ekintza gehiago antolatzen ditugu. Orain arte irakurketa gidak atera eta ipuin kontalariak ekarri izan ditugu, eta orain, Bularretik Mintzora programa barruan gaude. Irakurketa kluba egiteko asmoa ere badaukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak