Loramendi Euskara Elkarteak antolatutako 29. literatur lehiaketa arrakastatsua izan da, beste behin. Aretxabaletan bizi edo ikasten duten 8 eta 16 urte bitarteko ikasleek hartu dute parte eta ia 350 lan aurkeztu dituzte; eguaztenean sariak jaso zituzten lan onenen egileek.
Ipuinak nagusi
Beste behin, ipuinak izan dira arrakasta handien izan dutenak; 138 jaso dituzte. Sentimenduzko gutunak ere asko izan dira, 67; eta horien atzetik geratu dira argazkia duten postalak, 50; bertsoak, 49; iritzi artikuluak, 31; eta meme-ak, 14. Hain zuzen, aurtengo berrikuntza euskarazko meme-ak izan dira, eta antolatzaileak pozik agertu dira, harrera beroa egin diete-eta gaztetxoek.
Bertsoak Lekaixoka bertso eskolakoek epaitu dituzte eta gainontzeko lanak, Loramendi elkarteko kultur batzordeko partaideek. Aipatu dute aurtengoek ere "maila polita" erakutsi dutela. Sail bakoitzeko hiru onenek Aretxarteko komertzioetan erabilt kideen esanetan, herriko komertzioak sustatzeko helburuarekin eta ikasleak "kontziente izan daitezen herrian erostearen garrantziaz".
Euskara bultzatzea helburu
Loramendiko kideak pozik agertu dira 29.ez antolatutakoak eman duenarekin: "Idazteko zaletasuna sustatu gura dugu, formatu ezberdinetan, eta era berean, adin horretan euskara bultzatzeko beste modu bat da lehiaketa, horregatik oso garrantzitsua da guretzat halako parte-hartze handia izatea", jakinarazi du Iñigo Iñurrategik, Loramendiko presidenteak, eta gaineratu: "Azpimarratu gurako nuke umeen artean sortzen duen ilusioa. Sari banaketa ekitaldian ikusi dugu zelako urduritasunarekin eta pozarekin datozen gaztetxoak".
Ludotekarako koordinatzaile bila
Loramendik ludotekako koordinatzaile-hezitzailea behar du –eta udaleku irekietako koordinatzailea–. Jardun erdiko lana da, arratsaldez, irailean hasteko. Curriculumak maiatzaren 21erako bidali: loramendi.aisia@gmail.com.