Kopururik handiena Ibarra kiroldegi aurrean futbol zelaia egiteko izango da, ia 400.000 euro. "Hori sartuko du Udalak orain, baina UDAk konpromisoa hartuta dauka 100.000 euro jartzeko", jakinarazi zuen Unai Elkoro alkateak.
Hiru kale konpontzear
Beste kopuru garrantzitsu bat, 275.00 euro, herri barruko errepideak konpontzeko erabiliko dute. Udal aurrekontuan sartuta duten 200.000 eurori batuko diote hori, eta, batez ere, hiru lan egiteko erabiliko dute: "Batetik, Errekabarren kalea berrituko dugu, eta asfaltatze lanekin batera kalearen alde batean falta den espaloi zatia egin. Eta bestetik, Loramendi kalea konponduko da, biribilgunetik Araba ibilbiderainoko zatia", argitu du alkateak, eta gaineratu: "Bizkaia kaleari ere heldu gura diogu. Baina erabaki bat hartu aurretik ondo aztertu gura dugu; baliteke zirkulazio aldaketaren bat proposatzea, oinezkoendako hobekuntzak egiteko".
Horrez gain, udaletxeko begiratokia konpontzeko 50.000 euro bideratuko dituzte; nerabeekin egin gura duten parte-hartze prozesua abian jartzeko 10.000 inguru; 20.000 euro parkeak txukuntzeko; eta bidegorrian komunak jartzeko asmoa ere badute Eskoriatzako Udalarekin batera. Tirolinak dauden inguruan jarri gurako lituzkete. Herri barrutik pasatzen den bidegorri zatiari dagokionez, Kurtzebarri eskola albokoaren proiektua egindakoan herritarrei jakinaraziko diete: "Feedbacka jaso gurako genuke. Santa Kurtz kaleko irisgarritasun lanei ere lehenbailehen heldu gura diegu".
Gerakinetik 400.000 euro gorde egingo dituzte datorren urtera begira, alkatearen esanetan, "poltsatxo bat beti datorrelako ondo". Onartutzat eman zituzten kreditu aldaketok, EH Bilduk abstentziora jo zuen arren.
Homofobiaren aurkako mozioa
EH Bilduk, berriz, mozioa aurkeztu zuen maiatzaren 17ko Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. "Egun hori dela-eta konpromiso batzuk hartzeko eskatu dugu; Udalari, protokolo bat garatzeko eta egiten duen politiketan gaia lantzeko zeharka. Eta Eusko Jaurlaritzari, LGTBI pertsonen eskubideen urraketen gaineko diagnosia egiteko". Aho batez onartu zuten mozio hori.
Datorren urteko egutegian herriko jaiegun zein izendatu ere erabaki zuten; bi data izan zituzten mahai gainean: Aratuste biharamuna edo abuztuaren 16a, Andramari jaien bigarrena. Azken horrek irabazi zuen, aldeko lau botorekin.
Eskola Agenda 21
Kurtzebarri eskolako neska-mutikoen bisita jaso zuten eguaztenean udalbatzako kideek. Eskola Agenda 21 egitasmo barruan ikasturtean zehar uraren gainean landutakoak azaldu zizkieten gaztetxoek udal ordezkariei, eta hainbat proposamen egin. Lehen Hezkuntzakoek, esaterako, uraren inguruko udaleku bat egitea, ibaiak garbitzea eta ura ez xahutzeko sentsibilizazio kanpainak bideratzea proposatu zituzten. DBHkoek, ostera, Ibar basoa berreskuratzea eta ibai ertzean ez eraikitzea. Eta konpromisoak ere hartu zituzten; esaterako, hodiak apurtuta egonez gero abisua pasatzea eta zaborrik ez botatzea.
Udalbatzako kideek adi-adi entzun zituzten proposamenok eta Unai Elkoro alkateak konpromisoa hartu zuen guztiak aztertzeko eta datorren ikasturte hasieran erantzuteko.